Urtarrilaren 15etik aurrera Hirinet atariak eta Arabako ALEA aldizkariak bat egingo dute

hirinet 2015eko abenduaren 17a

Urtarrilaren 15etik aurrera Hirinet atariak eta ALEAk bat egingo dute eta orain arte hirinet.net web gunean topatzen zenuen informazioa eta askoz gehiago www.alea.eus atari berrian topatuko duzu.

 

Modu honetan, Arabako ALEA egitasmo komunikatiboa egonkortuko da eta hiru euskarritan eskainiko du Arabako informazioa euskaraz: paperean, sarean eta uhinetan. Paperean, astero argitaratzen duen Arabako ALEA aldizkarian; sarean, alea.eus web gune berrian eta uhinetan, asteartero, 17.00etatik 18.00etara Radio Vitorian emititzen den irratsaioan, HirinetFM deitzetik AleaFM deitzera pasako dena).

 

ALEA sare sozialetan

Urtarriletik aurrera, hirinet.net alea.eus izatera pasako da. Sare sozialei dagokienez, Arabako ALEAren orrialdeak erabiliko ditugu atarian agertzen den informazio guztia zabaltzeko, hortaz, orain ez baduzu ALEA jarraitzen, hementxe dituzu Facebook eta Twitterreko kontuak.

 

Twitter: @arabakoALEA

Facebook: Arabako ALEA

 

GEU elkartearen ekimena

2012ko apirilaren 19an jaio zen hirinet.net, Gasteizko Euskaldunon Ataria. GEU elkartearen ekimenez sortutako sareko hedabide euskaldun eta euskaltzalea da. Euskara hutsean, Gasteizko eta Arabako informazioa ematen duen komunikabidea da eta Araba mailako Euskararen Agendarik osatuena eskaintzen du. 2009an GEU aldizkaria desagertu zenetik, hutsune bat geratu zen hirian euskarazko komunikabideei dagokienez. Hausnarketa sakon baten ondoren eta tokian tokiko komunikabideek euskararen normalizazioan duten garrantzia kontuan hartuta, hutsune hori betetzeko asmoz martxan jarri zen web gunea. Izan ere, GEU elkarteak abian jarri nahi zuen proiektu komunikatiboaren hanka bat besterik ez zen sareko ataria, paperekoa ateratzea ere aurreikusten baitzuen. Ondoren, 2014ko abenduan Araba mailako ALEA aldizkaria aurkeztu zuen elkarteak, Goiena eta Berriarekin batera. Orain, bi hedabideek bat egin dute eta Araba osorako euskarazko proiektu komunikatibo osoa eskaintzera datoz.

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago