[BIDEOA] Olentzero eta Mari Domingi, ikazkina eta baserritarra: “Behar duguna baino gehiago eskatzen dugu”

hirinet 2015ko abe. 18a, 01:00

"Maitasunik gabe, triste bizi gara". Hezur-haragizko oparien garrantzia gogoraraztera etorriko dira Olentzero eta Mari Domingi Gabonetan. Lanez lepo dabiltzan arren, agendan tartea egin eta Duranan egin dute alearekin hitzordua.

 

 

 

Kaixo bioi. Olentzero, zu aspaldiko ezaguna zaitugu, baina Mari Domingi, zu ez zaitugu hainbeste ezagutzen. Nor zara?

Mari Domingi:Abesti bati esker hasi naiz ezaguna egiten, baina Olentzero eta biok aspaldiko lagunak gara. Elkarren ondoan bizi gara Gorbeiaren magalean. Elkarren ondoan daude gure baserriak, eta gau asko konpartitzen ditugu suaren bueltan, egunak ekarri diguna elkarri kontatzen. Kontatuko dizuet nor naizen?

 

Jakina.

Mari Domingi:Zugarramurdiko emakumeen ondorengoa naiz, eta haiei zor diet, hein handi batean, dakidan guztia: euskara, sendabelarrak zelan erabili, mendien izenak eta izana... Nire arbasoek asko zekiten, egia esan.

 

Olentzero:Zenbat tripako min kendu dizkion Mari Domingik Olentzerori! Hainbeste txerri jan ondoren...

 

Olentzero, zu lehen  Mari Domingi gabe ikusten zintugun desfilean. Pozgarria al da zuretzat orain berarekin ateratzea?

Olentzero:Izango ez da ba! Zenbat aldiz esan diodan Mari Domingiri: zergatik Arabara ez? Zergatik Gasteizko kaleetara ez? Hor ikusten nuen, Bilboko kaleetan, eta Donostian eta beste ingurune batzuetan... Bazen ordua hona ere etortzeko.

 

Mari Domingi:Baserrian ondo nengoen, baina iaz esan nuen: zergatik ez? Joango naiz! Eta hau poza,  zer jatorrak diren Arabako umeak. 

 

Olentzero:Ez zuen sinesten Araban ere Olentzero hain maitatua zenik. Txundituta geratu zen. Nola esaten dute orain... Flipauta gelditu zen!

 

Hainbeste neska-mutil Olentzeroren kanta abesten... ea animatzen diren Mari Domingirena kantatzera ere!

 

Olentzero, zure abestiak dio hamar txerri gazte jaten dituzula. Ez al zara enteratu aurten Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi duela hainbeste txarkuteria ez dela osasungarria?

Olentzero:Bai, bai, enteratu naiz... Tabakoarekin bezala. Honezkero ez dut tabakorik erretzen, baina pipa ezin dut utzi, Olentzeroren ahoko instrumentu bat delako. Kontatuko dizuet zergatik etortzen naizen hirira piparekin: hainbeste kotxe eta hainbeste ke, zikinkeri dexente dago airean, eta belar hezea sartzen dut pipan, aire garbiagoa arnasteko.

 

Eta jaten dituzun txerri guzti horiek?

Olentzero:Musikoei ere ez zaie denean kasu egin behar! Hamar txerri gazte gehiegi dira. Hala ere, Olentzero tripazalea da, eta ardoa ere asko gustatzen zaio. Arrazoi dute: ez da beharrezkoa hainbeste haragi jatea.

 

Maridomingi, zure abestiak halaxe dio: 'Gurekin nahi baduzu Belena etorri,  atera beharko duzu gona zahar hori'. Zer egingo duzu gonarekin, jantzi ala erantzi? Haserratzen al zaitu kontu horrek?

Mari Domingi:Galdera ona. Ni ez nago guztiz konforme nire kantarekin. Gustuko dut, baina ez daukat oso argi Belenera joan nahi dudan, eta ez zait gustatzen jartzen dizkidaten baldintzak, besteek nahi dutena egin dezadan. Non geratzen da nik nahi dudana? Zer arazo dago nire gonarekin? Zaharra ez: urte asko ditu! Amonaren amonaren amonaren... gona zen. Altxor bat. Ez dakizue zenbat abentura bizi izan ditugun elkarrekin. Belenera eta edonora joango naiz gona honekin.

 

Honezkero gutun asko jasoko zenituzten. Zer eskatu dizuete Arabako umeek?

Olentzero:Ume guztiek urtero eskatzen dutena: jolas egiteko tresnak. Azkenaldian, tresna elektroniko asko eskatzen dituzte, horietako asko bakarrik jolas egiteko. Olentzerori hori ez zaio gehiegi gustatzen. Olentzerori gustatzen zaizkio lagunekin jolasteko jostailuak. Oraindik ere eskatzen dute pilota, baloia, soka... eta asko pozten da Olentzero. Baina zer egingo diogu! XXI. mendean bizi gara, eta teknologia hemen dugu. Ondo portatu badira, ekarriko diegu hori ere.

 

Mari Domingi:Denetarik eskatzen digute: gogoan duzu Izarrako Manexek  anai-arrebekin eta lehengusuekin jolasteko jolasa eskatu digula? Eta Bernedoko Maddik esaten zigula ez duela gustuko botilaratutako ura, eta beraz kantinplora bat nahi zuela? Oraindik ere horrelako gauzak eskatzen dizkigute.

 

Olentzero:Egia esango dizuet. Mari Domingi ez balitz, Olentzero buru handiak zenbat gauza ahaztuko lituzkeen!

 

Euskaraz idazten dizkizuete gutunak? Ala baita beste hizkuntza batzuetan ere? Itzultzaileak dituzue?

Mari Domingi:Kontatuko al diegu sekretua?

Olentzero:Bai, Mari Domingi sorgin samarra bada-eta! Hizkuntza asko dakizki. Olentzerok euskaraz egiten du, eta gaztelera pixkat ere ikasi du. Gutxi batzuk idazten dizkigute gutunak gazteleraz; gehienek euskaraz egiten dute.

 

Mari Domingi:Eta gure sekretua... galtzagorriak dira. Oso poliglotak dira, hizkuntzak oso ondo menperatzen dituzte, eta laguntzen digute. Izan ere, gero eta gehiago iristen zaizkigu gutunak beste hizkuntza batzuetan ere, gero eta jatorri desberdineko ume gehiago daudelako gure artean.

 

Onak izan al gara aurten?

Olentzero:Haurrak onak izan dira! Haurrak onak dira beti. Nagusiak, aldiz... nagusiak ez zarete hain ongi portatzen.

 

Ikatz asko banatuko duzue?

Olentzero:Ez dakit merezi duen. Pertsona askok etxea berotzeko behar dute ikatza. Beraz, ikatza baino hobe, onena izango da ezer ez ekartzea.

 

Mari Domingi:Dena dela, norberak daki inork baino hobeto ona edo gaiztoa izan den. Guk, adibidez,  baserrian badugu ohitura egunean zehar egin dugunari buruz hausnartzeko; emozioak sentitu, onartu eta bereiztu: hau ondo egon da, eta hau txarto. Guk badugu gaitasuna jakiteko umeak eta nagusiak on edo gaizto izan diren, baina norberak egin dezala bere hausnarketa. Oso ariketa polita da, hobetzen joateko.

 

Mundua dagoen moduan egonda, ez al dugu opari gehiegi eskatzen? 

Olentzero:Eskatu? Orrialde osoa! Nik beti esaten diet gauza bera umeei: hiru gauzekin nahikoa da; eta horietatik, gutxienez bat besteekin jolasteko izan dadila. Bestalde, erabiltzen ez dituzten jostailuak beste ume batzuei emateko esaten diet, badagoelako oraindik ere jostailurik ez duen neska-mutil asko.

 

Mari Domingi:Behar duguna baino askoz gehiago eskatzen dugu. Ez al duzue uste amamaren irribarrea, edo lagun batekin orduak barrezka ematea, edo lehengusu-lehengusinekin jolastea opari bat dela?

 

Zer mezu zabalduko duzue 24an?

Olentzero:Maitasuna! Maitasuna amatxori, aitatxori. Maitasuna ikastolan. Maitasuna alde guztietan, behar-beharrezkoa delako: hori ez badugu, berehala haserratu eta triste bizi gara.

 

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide