Arabako etxe bakoitzak, batez beste, 238 euro gastatuko ditu soilik oparietan. Hari batu behar zaizkio, otorduak, loteria, apaingarriak eta apartekoak. Orotara, 640 bat izango dira bakoitzean. Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuko zuzendari Xabier Legarretak "kontzientzia kritikoa" izateko eskatu die kontsumitzaileei, eta modu arduratsuan, bermedun eta seguruan kontsumitzeko aholku sorta plazaratu dute. Besteak beste, aurrekontu bat prestatzeko aholkatu du, gastu muga zein den zehaztu eta erosketak denbora nahikoarekin planifikatzea. Gogoratu du, halaber, arazorik izatekotan erreklamazio orria eskatu daitekeela eta herritarren arretarako zerbitzua dutela Gasteizen –Santiago hiribidea, 11–.
Hainbat lagunek, esaterako, Gasteizen joan den asteburuan paratu zuten erabilitako jostailuen azoka aprobetxatu zuten Gabonetako azken erosketak egiteko. Udaleko Gazteria zerbitzuak antolatutako zortzigarren Azoka Txiki horretan 1.200 haurrek parte hartu zuten, 11 ikastetxetako irakasle eta gurasoekin batera. Jostailuak saltzeko saltokiak, tailerrak, Afrikako perkusioa eta kolore askotariko oihalak eta erakusketak ez ziren falta izan kolorez eta elkartasunez betetako jaialdian.
Beninen, eskola
Jostailuen salmentarekin, gainera, 13.726 euro bildu zituzten, Beningo Sirarou herrixkan eskola bat eraikitzeko. "Lehen Hezkuntza sendotzea da asmoa: eraikuntza, ekipamendua eta hezkuntzarako laguntza ematea, Sirarou herriko Esteban eskolan", azaldu dute ekinaldian parte hartu duen Manuel Iradier elkarte afrikanistatik.
Liburu zaharrak, urteetan gordetako panpinak, hainbat belaunaldik erabilitako scalextric-ak eta beste hamaika jostailu aurkitu zituzten gurasoek, eta haur bat baino gehiagok izan zuen Olentzero heldu aurreko oparia. "Gasteizko haurrei elkartasuna zer den ikasteko aukera ona da, hori da Azoka Txikiaren baliorik handiena", nabarmendu du Kultura zinegotzi Iñaki Prusillak.
'Gutxiago kontsumitu'
Trukea eta denboraren kutxak ere izan daitezke ardurazko kontsumoa egiteko beste modu bat, Gasteizko Deshazkundea taldeko kide Amancay Villalbaren aburuz. Gaur egungo kontsumo eredua "jasangaitza" da taldeko lagunen esanetan, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntutik eta "neurriak" behar dira berehalakoan. "Gutxiago kontsumitu eta hobeto bizi. Hori da guk urte guztian zehar defendatzen dugun leloa eta, noski, Gabonetan are indar gehiagoz egiten duguna". Kontsumitzeari buruzko mezuak "basatiak" diren garai hauetan herritarrek lelo horrekin "kontzienteago" izan behar dutela uste du. "Eta kontsumitzen bada, bilatu dauden alternatibak, egon badaude eta". Aurten ez dute prestatu, baina aurreko urteetan opariak egiteko lantegia antolatu izan dute, norberaren trebetasunak erakutsi eta askotariko apaingarriak egiteko asmoz. "Erronka txiki bat ere bada norberarentzat, bakoitzak bere lana egitea; feltro, kakorratz-lana edo tetrabrikekin egin izan ditugu hainbat lan".
Horren trebeak ez direnentzat ere badira bestelako konponbideak. Medicus Mundik duen bidezko merkataritza dendan, esate baterako, opariak bilatu zein Gabonetako otorduetarako hainbat proposamen aurki daitezke. Bertatik ere urte guztian egiten dute kontsumo arduratsuaren aldeko deia, baina ozenago garai hauetan. Hamarnaka boluntarioren laguntzarekin, kanpaina berezia prestatu dute egun hauetarako: "Erosi aurretik pentsatu dezagun, segundu batez, opari hori nondik datorren eta bildutako dirua nora joango den, hori baino ez", aipatu du Medicus Mundi Arabako Carmen Biainek. Giza eskubideak errespetatzea eta, besteak beste, bitartekariak ahalik eta gehien saihestea dute helburu.
Bidezko merkataritza
Gasteizko Pio XII. kalean duten dendan, eskulangile txikiei ematen diete aukera euren produktuak saltzeko; hasiera batean urrutitik heltzen ziren denak, baina gaur egun badituzte Arabakoak ere: "Orain ikuspegi hori zabaltzen ari da. Izan daiteke Afrikan edo Hego Amerikan arazo sakonagoa izatea, baina hemen inguruko baserritarrak ere badakigu nola dabiltzan...". Garai batean, esaterako, Txiletik ekartzen zuten eztia, baina gertukoaren aldeko apustua egin dute orain, eta Arabako eztigile batena jasotzen dute. "Merezi al du urrunetik eztia ekartzea? Horrek duen koste ekonomiko eta anbientalarekin...". Horregatik, erabakia hartu dute inguruan eskuratu ezin daitezkeen produktuak baino ez dituztela ekarriko urrunetik. Kafe eta txokolate barietate ugari, fruta tropikaleko marmeladak, eskulanak, oihalak, jantziak... Oparitarako saski bereziak ere prestatu dituzte Gabonetarako, prezio eta eskaintza askotarikoekin. "Hemen opari bat erosten duenak, nik uste, desberdin egiten du: begirada etikoa da desberdintasuna", nabarmendu du Bianek.
Dendaren ohiko ordutegia luzatzearekin batera – larunbatetan ere zabalik dute–, bidezko merkataritza egiten duten beste hainbat elkarterekin batera azoka paratu zuten ohiko Gabonetako Azokan, Gasteizko Plaza Berrian. "Azken batean bidezko merkataritza ahalik eta jende gehienak ezagutzea da gure helburua eta horregatik elkartu gara elkarte guztiak". Gabonak ospatzeko aukera eta ikuspegi askotarikoak daudela erakutsi nahi dute kolektiboek eta kontsumoaren "zurrunbilotik" ateratzeko modurik badela.
Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA