Tranbia Zabalgana auzora luzatzea aztertuko dute

hirinet 2015ko abe. 16a, 01:00

Gasteizko mugikortasunean ate berriak zabaldu dira: Eusko Jaurlaritzako teknikariek Gasteizko tranbia Zabalgana auzora luzatzeko aukerak aztertuko dituzte, baita trenbidea dagoen tokian aldiriko tren bat ezartzeko proposamena ere.

Udalaren oposizioak hala eskatuta egin ditu aldaketak Gorka Urtaran alkateak hasierako planteamenduan. Jatorriz, bestelakoa zen jeltzaleak Jaurlaritzarekin adostutako egitasmoa: metro arina campusera eta Salburura luzatzeko asmoa zuten; bestalde, BRT autobus azkarrak ezarri nahi zituzten gaur egun Tuvisako ibilgailuek egiten duten linea periferikoaren ibilbidea. Era berean, bizikleta elektriko zerbitzua abiatu nahi zuten garraio publikoa gertu ez duten auzoetan, autobus eta tranbia geltokietara hurbiltzeko. 

 

Aukera horiek guztiek mahai-gainean jarraituko dute orain, baina proposamen berriak ere aztertuko dituzte. Izan ere, pasa den astean oposizioak atzera bota baitzuen mugikortasun proiektu berriak diseinatzeko alkateak Eusko Jaurlaritzarekin aurreikusitako hitzarmena. Proiektuak ahalik eta adostasun zabalenetik abiatuta garatzeko, Urtaranek taldeen eskaerak hartu behar izan ditu kontuan. Lehenik eta behin, hiria gobernatzeko duen bazkide nagusiaren eskaerak hartu behar izan ditu aintzat, PSErenak, hain zuzen. Sozialistek bi baldintza nagusi jarri izan dituzte orain arte. Batetik, baztertu dute tranbiaren ordez Salburua auzoa BRT autobus azkarren bidez lotzea, Jaurlaritzak iradoki zuen moduan. Bestalde, metro arinaren luzapen aukeren artean Zabalganakoa aztertzea eskatu dute, oposizioko beste indar batzuk egin duten modu berean. Hortaz, euren azterketa lanetan auzo berria aintzat hartuko dute Jaurlaritzako ingeniariek.


Arabatran, aukera bat

2020. urtean Abiadura Handiko Trena Gasteizera iristeko, bide berria egin beharko zaio, gaur egungo errailek ez dutelako AHTarentzat balio. Testuinguru horretan, Arabatran egitasmoa proposatu zuen duela bi urte EH Bilduk, gaur egungo trenbidearen korridorea tren sozial bat martxan jartzeko. Begi onez ikusi dute gainerako alderdiek, eta Jundiz eta Salburua artean ezartzeko aukera aztertzen ari da Jaurlaritza.

Nobedadeen artean, beste bat dago: Gasteizko Mugikortasun Foroak proiektua lantzeko aukera izango du, oposizioko indar guztiek hala eskatuta. Ondoren,  udal-alderdiek Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatzea adostuko dute 23an ospatuko duten osoko bilkuran


Geltokiak, irisgarri

Duela zazpi urte salaketa jarri zuen Eginaren Eginez elkarteak, tranbiako geltokiek ez zutelako Irisgarritasun Legea betetzen.  Duela bi urte arrazoia eman zien Auzitegi Gorenak, eta aldaketak behar dituzten 21 geltokietan obrak egiteko txostena onartu berri du Eusko Trenek. Horrez gain, Independentzia eta Alaba jeneralaren kaleko plataforma konponduko dute eta General Loman buelta eman ahal izateko erraile jarriko dute.

 

Egilea: Itsaso Estarrona

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago