Ekintza ugari antolatu du Sarek urtarrilaren 9ko mobilizazio nazionalari begira

hirinet 2015ko abe. 16a, 01:00

Euskal presoek bizi duten sakabanaketa politikari aurre egiteko deia egingo dute Sare eta Bagoaz herri ekimenek batera, Bilbon eta Baionan, urtarrilaren 9an, Mugi daitezen harriak goiburu hartuta.

 

Mobilizazio nazionalaren harira, hainbat ekintza antolatu du Sare plataformak Gasteizen. Esaterako, bihar –hilak 17-, Aiztogile kaleko leihoetatik sare erraldoi bat eratu nahi dute, “leihoz leiho eta balkoiz balkoi, bertan eskubide urraketa ezberdinak irudikatuz”.

 

Datorren astean, abenduaren 23an, hain zuzen ere, Posta eta Dato kaleetan erakusketa bat jarriko dute, “txabolo baten erreplika egingo dugu, espetxe barruan ematen diren giza eskubideen urraketak azaltzeko”. Erakusketa 16.00etatik 20.00etara gauzatuko da.

 

Era berean, abenduaren 31n, Jule Goikoetxeak “Dispertsioaren liburuxkan” egiten duen hausnarketa gai hartuta, 12.00etatik 14.00etara Posta kalean zehar dispertsioaren ibilbidea osatuko dute, Euskal Herritik Frantzia eta Espainiako espetxetara dagoen distantzia irudikatuz.

 

Urtarrilaren 2a egun zentrala izango da Gasteizen. Aihotz plazan dauden harriak mugituko baitituzte eta, horretarako, sokatiran dabiltzan lagunekin batera arituko dira. Ekimena eguerdiko 13.00etan izango da. Azkenik, urtarrilaren 4rako kale ikuskizuna programatu dute erdigunetik.

 

 

Bestetik, mobilizazio nazionalera joateko autobus txartelak Txapelarri, Erdizka, Bode, Andagoia, Koxka eta Aketegi tabernetan jarri dituzte salgai. Baita Albeniz liburu-dendan eta Sareko egoitzan ere.

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide