Programa datorren ikasturtean garatuko da, Lehen Hezkuntzatik Batxilergorainoko ikasgeletan. Ingurumen zinegotzia den Borja Belandiaren esanetan, helburua gazteen artean bizimodu osasungarria sustatzea da, ikasgeletan ezagutuz eta ikasiz.
Abenduaren 11n, ostiralean, onetsi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak jarduera horiek garatzeko behar den laguntza teknikoa kontratatzeko dosierra, 85.000 euroko aurrekontuarekin. Proiektua garatzeko ondorengoak hartuko dituzte kontuan: droga kontsumoaren prebentzioaren arloan ikastetxeetako hezitzaileek taldean lan egiteko sistema formalizatzea, taldeei laguntza profesionala ematea eta gazteak, familiak eta irakasleak tutoretzea.
2016ko urtarriletik abendura arte egingo dira jarduerak, zenbait gaitan banatuta: adikzio teknologikoen prebentzio orokorra, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei zuzenduta; tabakoarekiko adikzioaren prebentzioa, DBHko 1. mailako ikasleei zuzenduta; alkoholarekiko adikzioaren prebentzioa, DBHko 2. mailako ikasleei zuzendua eta kalamuarekiko adikzioa, DBHko 3. mailako ikasleei zuzenduta. Azkenik, DBHko 4. mailako ikasleek legez kanpoko drogekiko eta psikofarmakoekiko adikzioen prebentzioarekin lotutako jardueretan hartuko dute parte.