Espainiako Kongresuak dituen 350 ordezkaritik lau aukeratuko dituzte arabarrek, eserlekuak banatzeko indarrean dagoen sistema proportzionalaren ondorioz. Oso banatuta egon ohi dira botoak lurralde honetan eta, iragarpen guztien arabera, lau alderdik ordezkari bana lortuko dute Madrilen datorren legegintzaldian.
Duela lau urteko hauteskunde orokorretan bezala, ordezkaritza lortuko lukete PPk, EAJk eta EH Bilduk (2011n, Amaiur). Aldiz, PSEren hautagaia, Javier Lasarte, kolokan dago, Podemos alderdiak sozialistek baino boto gehiago lor ditzakeelako datorren astean, Equoko lider Juantxo Lopez de Uralde donostiarra diputatu bihurtuz, Pablo Iglesiasen zuzendaritzak Arabarako hautagai ezarri ondoren.
Ez Albert Rivera ikur duen Ciudadanosek, ezta UPyDk ere, ez lukete ordezkaritza arabarrik lortuko. Gauza bera gertatuko litzaioke Orain Batera indarrari ere (Ezker Anitza), Podemosek elkarrekin aurkeztea baztertu ondoren.
Maroto, Kongresura?
Arabako PPko zerrendaburu Alfonso Alonso, beraz, diputatu arituko da berriro ere; zerrendan bigarrenak, Javier Maroto Gasteizko alkate ohiak, ez dauka eserlekua lortzeko aukera handirik, baina datorren urtean Alonso lehendakarigai aurkeztuz gero –ez du aukera baztertu– berak har lezake lekukoa Madrilen, Gasteizko zinegotzi eta legebiltzarkide karguekin egingo lukeena argitzeke.
Jeltzaleen aldetik, Emilio Olabarriak Gorteak utziko ditu hogeita bost urteko ibilbidearen ondoren, eta Javier Balzarekin batera Segurtasun Sailburuorde izandako Mikel Legardak ordezkatuko du Kongresuan. EH Bilduren kasuan, Iker Urbina abokatu gasteiztarrak jarraituko du diputatu lanetan, azken legegintzaldian Amaiur markarekin aritu eta gero.
PSEren gainbehera
Duela lau urteko hauteskunde orokorretan, PPk lortu zuen boto gehien Araban (%27); bigarren, sozialistak geratu ziren (%23), Amaiur hirugarren (%19,3) eta, oso gertutik, EAJ laugarren (%19). Ikusteko dago EAJ eta EH Bilduren boto portzentajea (lehia estua izango da, inkesten arabera), baina argia dirudi sozialistek ez dutela, 2011n bezala, bigarren postua lortuko. Hauteskunde orokor horiekin alderatuta, aurtengo foru-bozetan sozialistak bosgarren postura jaitsi ziren, botoen erdia galduta (%11) eta Pablo Iglesiasen alderdiaren atzetik geratuz (%14).
Ikusteko dago ere Ciudadanosen eragina. Espainia mailan hirugarren indar izatera iritsi daitezkeen arren –gobernua osatzeko erabakigarria izatea lortuta–, sorpresak ekar ditzake Albert Riveraren markak Araban: maiatzean txartelen %3 lortu zuen lurraldean, baina inkestek igoera iragartzen diote (%7). Edonola ere, zenbateko hori ez litzateke nahikoa izango zerrendaburu arabarrak, Rodrigo Zamorak, eserlekua lortzeko.
Datak berak bozetan eragina izan dezake: oposizioak gogor kritikatu du Mariano Rajoy presidentea, abenduaren 20a aukeratzeagatik. Izan ere, Gabonen atarian jende gutxiagok eman dezake botoa, eta horrek, orokorrean, boto leialari egin diezaioke mesede, aldaketak eragin ditzaketen zalantzatiak etxean geratuz gero.
Senatarigaietan, emakumeak
Kongresurako hautagaien artean, zerrendaburu guztiak –alegia, hautatuak izateko aukerak dituztenak– gizonezkoak dira, alderdi gehienek gizon eta emakumeak tartekatzen dituzten kremailera-zerrendak osatu dituzten arren, PP eta Ciudadanos izan ezik. Senaturako, parekatuagoa dago zerrendaburuen generoa: Iñaki Oiarzabal (PP), Almudena Otaola (EAJ), Lorena Lopez de Lacalle (EH Bildu), Elvira Garcia (Podemos) eta Julia Liberal (PSE) dira aukeratuak izateko aukera gehien dituzten senatarigaiak.
Araba Madrilera begira dago, Madrilen Arabarentzat erabaki garrantzitsuak har daitezkeelako. Hala, Espainiako gobernu berria eta Kongresuaren osaera erabakigarriak izan daitezke hemen pisuzkoak diren gaietan: Trebiñuko auzia, Garoña zentral nuklearra berriro irekitzeko arriskua, Abiadura Handiko Trenaren garapena, Forondako aireportuaren etorkizuna, Frackingari begirako asmoak, Euskadiren estatus politikoa eta neurri ekonomikoak.
Aurpegi zahar eta berriak
Diputatu izandakoak eta Gorte Nagusietara estrainekoz aurkeztuko direnak daude Kongresurako hauteskundeen Arabako zerrendetan, alderdi guztietan gizonezkoak nagusi.
Alfonso Alonso. PP
Gaur egun Osasun ministro eta Euskadiko PPko buru –Arantza Quirogaren dimisioaz geroztik–, Espainiako Kongresurako popularren zerrendaburu izango da berriz ere Alfonso Alonso Araban; zerrendan bigarren tokia Javier Marotok beteko du, Madrilen aulkia lortzeko aukera gutxirekin.
Mikel Legarda. EAJ
Kongresuan 25 urte baino gehiago eman ondoren, politikaren lehenengo lerroa utziko du Emilio Olabarria jeltzaleak. Haren ordez, Mikel Legardak hartuko du lekukoa. Segurtasun sailburuorde izan zen Legarda, Javier Balza Herrizaingo sailburu izandako garaian. Autonomia Garapenerako zuzendari ere izan da.
Iker Urbina. EH Bildu
Duela lau urte Kongresuan diputatu da Iker Urbina abokatu gasteiztarra, Sortu alderdia legalizatu ondoren Eusko Alkartasuna, Alternatiba eta Aralarrekin batera osatutako Amaiur koalizioko buru izan baitzen 2011n Araban. Oraingoan EH Bilduren aterkipean aurkeztuko da abenduaren 20ko hauteskundeetara.
Juantxo Lopez de Uralde. Podemos
Madrilgo zuzendaritzak erabakita, Juantxo Lopez de Uralde Equo-ko liderra izango da Podemos alderdiko Arabako zerrendaburua. Erabakiak krisia eragin zuen alderdian, Roberto Uriarte Euskadiko idazkari orokor ohiak Bizkairako nahi zuelako Uralderen hautagaitza, zirkuluek erabakitakoaren kontra. Dimisioa eman zuen Uriartek.
Javier Lasarte. PSE
Ordezkaritza lortuz gero, Ramon Jauregiren lekua hartuko du Javier Lasartek Madrilen. Kongresuan diputatu izandakoa da, 2008-2011 legegintzaldian. Gaur egun, Arabako Diputazioko Enplegu zerbitzuko burua da. Bere aulkia kolokan dago. Jaurlaritzaren azken soziometroaren arabera, PSE ordezkaritzarik gabe geratu daiteke Araban.
Carlos Tejerizo. Unidad Popular - Orain Batera (Ezker Anitza)
Carlos Tejerizo arkeologo autonomoa izango da Orain Batera-Ezker Anitzaren hautagaitzako zerrendaburua.
Beste batzuk: Rodrigo Zamora (Ciudadanos), Rene Rodriguez (UPyD), Libertad Navarra, Ongi Etorri, Aulki zuriak, PACMA.
Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA