Zapi Katea Ajuria Enean hasi, Legebiltzarretik igaro, eta katedral berrira abiatu da, bertan amaitzeko. Aurretik, Etxeratek bere azken txostena "Sakabanatze Politika: Urruntzea" entregatu du Eusko Legebiltzarrean, atzo Nafar Parlamentuan egin zuen legez. Horrekin batera, alderdi politikoei, presoen afera konpontzeko eskakizun minimoez osaturiko dekalogoa helarazi die, euren programetan barnera dezaten.
Arantxa Oiarbide senideak eta Patrizia Belez Etxerateko kideek azaldu bezala, "beste behin, agerian geratu da salbuespen politika den dispertsioak, herri honen gehiengo bati eragiten diola, bere ondorioen erantzule, 300 familiatik gora eginez, indarrean. Politikariek entzungorrarena eginez, alboratzen jarraitu ezin duten errealitate bat. Gaur hiru toki ezberdinetan mobilizatu gara dispertsio politika salatu eta zera esateko: sakabanaketak haur, gazte, heldu eta pertsona adinduen bizitza baldintzatzen du kartzelan dauden gure senideena bezain beste, eta gure bizitzekin jolasten du, egunero, gure eskubideetako asko, urratuz. Ondorio fisiko, psikiko eta ekonomikoak dituen suntsipen politika bat, 16 alditan, heriotza bezalako ondorio lazgarria izan duena. Oraindik ere dispertsioaren biktima bezala errekonozituak ez diren 16 bizitza". Horrekin batera, neurri hau abian jartzeko martxan jarri zen bezala, dispertsioa bertan behera uzteko eskatu dute.