Blanka Gomez de Segura, buztingilea: “Matematikari garrantzia ematen zaio, baina sormenari ez, eta hori akats itzela da"

hirinet 2015ko abe. 14a, 01:00

Gorbeialdeko Kuadrillak Azaro bat sormenaz izeneko zikloa egin du azken asteotan; besteak beste, Blanka Gomez de Segura (Markina, 1952) buztinlariaren lana gertutik ezagutzeko aukera izan da horretan. Hain justu, Aramaion izan zen azaroaren amaieran bere lanari lotutako xehetasunak eskaintzen.

 

Azaroaren 26an elkarrizketa publikoa egin zizuten Aramaioko kultura etxean. Besteak beste, sormenaz egin zenuen berba han. Zelan moldatu zinen?

Oso gustura egon nintzen. Euskal Herrian badaude hainbat herri sormen handiko proiektu txikiak dituztenak, eta Aramaio da horietako bat. Herri handien sateliteak dira, nekazaritza mundutik industriara joandakoak. Hori horrela dela onartuko bagenu, bertako nortasuna desagertuko litzateke; baina Aramaion jakin izan dute horri buelta ematen; esperientzia txikiak baina adibide handiak dituzte han. Nire lana azaldu nuen, eta sormenaz ere jardun nuen, baina aurretik azalduta beraiek ere sortzaileak direla, eguneroko bizitzari aurre egiteko lortu dutelako auzolanean proiektuak aurrera ateratzen. 

 

Sormena hitza aipatu duzu. Berezkoa da hori edo landu egin behar da?

Kreatibitatea da denok daukagun zerbait. Edozein ume, musika entzuterakoan hasten da dantza egiten, eta agian ez da inoiz dantzaria izango. Edo ume bati, margoa ematen diozu eta margotzen hasten da. Hori berezkoa da. Baina, gero, bizitzan zehar bideratu egiten dugu heziketan; eta uste dut zeramika arloan heziketa nahiko mugatua dagoela.

 

XIX. mendean, industria sortu zenean, ofizioak galtzen joan ziren eta inportantzia askoz ere gehiago ematen zitzaion lantze intelektualari. Burua ipini zen eskuen gainetik; ikerketa horren gainetik jarri zen, eta nire ustez hori heziketarekin dago lotuta. Matematika edo lengoaiari garrantzia asko ematen zaio, baina, sormenari ez; eta etorkizunera begira, akats itzela dela iruditzen zait. Hemendik 50 urtera zer pasako den ez dakigu eta gaur egun hezten ditugun umeei etorkizunera moldatzeko gaitasuna mozten gabiltza agian. Bestalde, galdetzen didazu sormena berezkoa den edo landu egin behar den. Nire kasuan egiten dudana da nire kuriositate guztia bideratu eta fokuratu zeramikara; ezezaguna nuen mundu horretan aurretik nituen esperientzia guztiak horretara bideratu nituen. Genioak ere baude, baina orokorrean denok daukagu sortzaile bat barruan.

 

 

Sormenaren gaia alde batera utzita, zure bizitzaz egingo dugu berba. Noiztik buztinarekin eta zeramikarekin kontaktuan?

Dagoeneko 32 urte daramatzat zeramika munduan. Nik administrazioa eta kontabilitatea ikasi nuen, eta baita delineazioa ere. Hasieran, industria munduan egin nuen lan, baina, gero, nire afizio ofizio bihurtu nuen. Elosuko Joxe Ortiz de Zarate buztingilea ezagutu nuen; badira 32 urte Markinatik Ollerietara etorri nintzela euskal zeramika tradizionalaren ofizioa ikasteko. Aurretik, baina, Arte Eskola jarrita genuen martxan Markinan bertan.

 

Ofizioa ikasi eta Euskal Buztingintza Museoa ere jarri zenuen martxan. Zer asmorekin zabaldu zenuen?

Hasierako asmoa ez da gaur egun daukaguna. Lehen hamar urteetan  egunero etortzen nintzen ikastera. Denbora hartan, Josetxo bikotekidea Markinatik Gasteizera etortzen hasi  zen lan egitera. Oso zaila zen mantentzea joan-etorri hori denbora luzez eta nik lanbidea ikasi nuenean eta Joxerekin buztingilearen belaunaldia amaitzen zela ikusita, familia guztia hona etortzea erabaki genuen. Erortzeko zorian zegoen baserria erosi genuen, 1711. urtean sortutako baserria, eta apurka konpontzen hasi ginen.

 

Dagoeneko 23 urte pasa dira museoa zabaldu genuenetik; energia guztia horretara bideratu dugu. Bizitza osoko proiektua da; eta horretan oso kreatiboa izan behar zara, baina dirua galdu gabe. Aurretik Holandan, Belgikan eta Frantzian proiektuak ikusten egon ginen, eta gaur egun ikusten dena ia irudikatuta zegoen: zer egin, nola eta zer epeetan. Eta zer lotu dugu? Museoa bilduma publiko bategaz. Eskerrak hasieran hitzarmenak izan genituela erakunde publikoekin, bestela ezinezkoa izango litzateke. Esaterako, 10.000 lagun debalde onartzen genituen, eta horren truke, 6.000 euro jasotzen genituen. 

 

Ogibidea ezagutzera ematea izango du helburu museoak, ezta?

Bai, hala da. Ezagutaraztea eta transmititzea. Transmisio horretan amets bat genuen, orain dela hamar urte gauzatuta egon behar zena baina aurrera atera ez dena: Ollerietan ogibidea erakusteko eskola sortzea.  Modu horretan ez dago gauzatuta, baina erreferentzia tokia izaten dihardu. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitatearekin hitzarmena dugu, eta Arte Ederretako ikasleak datoz. Eta etorkizunari begira, ogibidearen egokitzapenaren bueltan, taldea sortzen ari gara.

 

Kolokan ikusten duzu ogibidea?

Bai. Garai batean, ofizioak desagertzen egon ziren, ez zirelako momentu horretan "premiazkoak". Gaur egun denok konturatzen gara gauzak berriro egin behar ditugula guk geuk, eta autonomoagoak izan behar garela. Prest gaude ikasi nahi duenari gure jakinduria emateko. Hori da lortu behar duguna. Kontuan izan orain arte Euskal Herri mailan egon diren bost buztingile profesionalak erretiratzen hasi direla, eta horiek ez dutela jarraitzailerik. Horri buelta eman behar diogu, eta ez daukagu denbora asko. Aurrekoan Aramaion galdetzen zidaten ea horretatik ahal den bizi... Eta zer egin dut 23 urte hauetan? Bizi, eta pozik bizi, gainera.

 

Euskal zeramika duzu ardatz. Etorkizuna ziurtatze aldera, horretan aldaketak sartzearen aldekoa zara edo nahiago tradizioari eustea?

Lehenengo lana eginda dago: Ollerietara etorri ginen zegoena berreskuratzeko, hain zuzen, ofizioa, eraikina eta izena. Ollerieta Olla edo lapikotik dator eta tokia orain dela 1.100 urte dokumentatuta dago. Ahaleginarekin lortu dugu egun duguna, arriskuan badago ere. Bidean egon beharko litzateke kartel handia  esaten lekuak horrenbeste urte dituela, eta ostera, beti dago zalantza kartela desagertuko den ala ez. Toponimoak oso inportanteak dira etorkizuna oinarritzeko; historiarekin daude lotuta eta ez gara inor horiek desagerrarazteko.

 

 

Hori esanda, hona etortzean buztingile zahar bati esker berreskuratu genuen azken bost mendeetan egiten zen euskal zeramika tradizionala. Hau da, bertako buztin gorria, gainetik esmaltea ipinita duela. Industriarekin eta materiala berrien sarrerarekin batera, inork ez zuen zeramika egiten eta desagertu zen; guztiok plastikozko gauzak erabiltzen genituen. Berreskuratze lan bat egin genuen formak, izena eta lan egiteko moduaren bueltan.

 

Eta gaur egun zer egin behar dugu? Ba modu naturalean eboluzionatzen joan. Denak eboluzionatu behar du galdu ez dadin; hori bai, oinarria galdu barik. Eta horretan gabiltza. Gaur egun gres izeneko material gogorrarekin egiten dugu lan, esaterako; eta lehengo buztina 1.000 gradutan erretzen zen, eta gaur egun 1.200 gradutan erreta askoz ere sendoagoa da, eta eskaini ahal diogu Mugaritz edo bestelako jatetxe bati. Erresistentzia izan behar du zeramikak, eta horretarako egokitu behar dugu, baina gutxieneko ezaugarri batzuk galdu barik.  

 

 

 

 

 

Egilea: Mirian Biteri. Arabako ALEA

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago