Datorren ostegunean, abenduaren 17an, emaitzen berri emango du Oihaneder Euskararen Etxean. Era berean, familientzat aholkuak eta baliabide praktikoak eskainiko ditu Udalak webgunean.
Gasteizko hogei gurasorekin hiru eztabaida talde eta elkarrizketa sakonak egin zenituen. Zer kezka azaleratu zituzten aita-amek?
Oso pertzepzio ezberdinak dituzte, euren egoera linguistikoaren arabera. Guk lau multzotan sailkatu ditugu: bikotekide biak euskaldunak diren gurasoak; kideetako bat euskalduna den bikoteak; biak erdaldunak diren familiak eta etorkinak.
Has gaitezen bikote euskaldunetatik. Zer egoera bizi ohi dute?
Askotan, nahiz eta gurasoak etxean euskaraz aritu eta seme-alabek eredu euskaldun batean ikasi, gazteleraz hizketan iristen dira umeak eskolatik. Galera moduan bizi izaten dute hori guraso euskaldunek. Hizkuntza portaera horretan, pisua du Gasteizko egoera soziolinguistikoak, testuinguru erdaldun batean bizitzeak euskaraz bizi nahi izate hori oztopatu egiten duelako.
Egoera horren aurrean, garrantzitsua da gurasoen lana: bere hizkuntza portaeretan eredu izatea, haurrentzat euskarazko aisialdi-jarduerak aukeratzea, adin berekoen arteko harremanak euskaraz izan daitezen erraztea eta euskara aberatsa ematea –ipuinak irakurriz, pelikulaz euskaraz eskainiz...–.
Euskara aberatsa aipatu duzula... guraso asko ez dira ausartzen seme-alabei euskaraz egitera, euskara "txarra" irakatsiko dietelakoan. Nola gainditu kezka hori?
Ikerketan, batez ere guraso erdaldunek adierazi dute kezka hori. Batzutan, umearen lehenengo urteetan euskaraz egiten diote gurasoek seme-alabari, eta gero, haurrak hizkuntza-gaitasun konplexuagoak garatu ahala, gaztelerara pasatzen dira aita-amak, maila horretan euskaraz egiteko gai sentitzen ez direlako. Kasu horretan... erabili dakizuna, asko, gutxi edo hutsaren hurrengoa izan. Hizkuntzarekiko begirunea eta atxikimendua transmititzen diozu haurrari horrela, eta gainera, eredua ematen diozu: gutxi dakit, baina dakidan hori erabiltzen saiatzen naiz.
Umeari euskaraz egin arren, aita-ama asko haien artean gazteleraz aritzen dira. Zer ondorio ditu horrek?
Nik aita erretzailea nuen. Behin, medikuak erretzeari utzi behar ziola esan zion, medikuak berak kriston txokorra erretzen zuen bitartean. Umeekin gauza bera gertatzen da: haiei euskaraz egitea eskatzen badiezu, baina gero zuk ahal duzun egoera guztietan gaztelerara jotzen baduzu, mezu eta jarrera guztiz kontrajarriak adierazten ari zara, eta umeak ez dira tontoak. Euren burmuinean egiten duten lotura hauxe da: euskara umeekin egiteko hizkuntza da, baina ez kaleko edozein egoeratan erabiltzekoa. Zergatik ibili behar naiz ni gurasoen kontrakoa egiten? Ez da eredu linguistiko ona.
Zailagoa izaten al da egoera gurasoetako bat baino ez denean euskalduna?
Kide euskaldunek askotan sentitzen dute haien seme-alabekin euskaraz aritzeagatik euren bikotekideek informazioa galtzen dutela. Bestalde, sentsazioa dute senitarteko erdaldunekiko horma bat jartzen dutela, ez direlako elkarrizketaren parte. Euren burua autopresionatu egiten dute, zerbait gaizki egiten dabiltzan sentsazioarekin. Eta, egia esan, euskaldunak ez diren kideek normalean ez dute hori sentitzen. Ez dute inkomunikazio sentsazio txar hori izaten, eta are gehiago: kasu gehienetan inbidia eta harrotasuna sentitzen dute umea euskaraz entzutean.
Gasteizen ohikoa da guraso biak erdaldunak izatea. Kasu horretan, zer?
Guraso erdaldunen kasuan, etxean ez dute euskararen transmisiorik egiten, baina umea euskaraz sozializatzeko lan handia egin dezakete, eta aitortu behar zaie. Izan ere, helburua ez da horrenbeste haurraren ama hizkuntza euskara izatea eta eskolan eredu euskaldun batean ikastea (hori ere inportantea den arren), baizik eta umea euskaldun haztea, horretarako aukerak eskainiz: eskolaz kanpoko jardueratan, marrazki bizidunen aukeraketan, euskararekiko etxean dagoen jarreran... Alde horretatik, hauxe da transmititu behar dugun mezua: eskola bakarrik ez da nahikoa. Badago datu interesgarri bat: sei-zortzi urteko ume batek urte osoan esna ematen duen denboraren %15 baino ez du eskolan ematen. Zer egiten dugu gainerako %85arekin?
Eta zer gertatzen da iritsi berriak diren familiekin?
Kasu oso ezberdinak daude, baina oro har, guraso etorkinen haurrentzat integrazio faktore inportantea da euskara. Ikerketan, aita kolonbiar batek komentatu zigun berak diskriminazioa bizi izan zuela azalaren koloreagatik, eta ez zuela nahi bere semea egoera beretik pasatzea; azalaren kolorea edozein izanda ere, semea euskalduna zuela.
'Hemengoago'-edo sentiarazten zuen?
Modu inklusiboan ari naiz, bai: euskalduna da euskara duena, jaioterria edozein izanda ere. Faktore integratzailea da.
Etxeko transmisioaz harago, sozializazioaren garrantzia nabarmendu duzu. Zein da aldea?
Transmisioaren kontzeptua goitik beherakoa da: gurasoek hizkuntza bat ematen dizute, eta gurasoek ematen ez dizutenean, eskolak betetzen du funtzio hori. Ordea, gero eta gehiago jo behar dugu sozializazio kontzeptura. Sozializazioa ez da bizitzaren lehenengo urteetan gertatzen den fenomenoa, baizik eta bizitza osoan ematen dena, eta ez bakarrik gurasoekin, baizik eta zure adin berekoekin ere. Funtsezkoa da adin berekoen artean garatzen diren hizkuntza portaerak euskaraz izan daitezen saiatzea.
Azken urteetan gehiegi zentratu izan al gara eskolan, gainerakoa ahaztuta?
Nahiko bidegabeak izan gara eskolarekin. Pentsatu izan dugu eskola euskaldunduta umeak euskaldun aterako zitzaizkigula, eta hori parte batean bete da, baina gaitasun komunikatiboak garatzeko bestelako esparruak behar ditugu. Eskolak bakarrik ez gaitu salbatuko. Ez da bidezkoa gure umeen euskalduntze osoa haren esku uztea.
Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA