Guztira, 55 artista bilduko ditu. Marrazkiaren, ilustrazioaren eta, oro har, arte plastikoen euskarri eta formatu desberdinak izango dituzte ikusgai herritarrek Mazokan; izan ere, era horretako obrak, originalak nahiz erreprodukzioak eta hainbat formatutan —paperean, oihalean eta bestetan— dituzten aplikazioak ezagutzera ematea da helburua.
Ilustrapados elkarteak antolatutako azoka horrek dirauen bitartean, artisten standez gain, zuzenean gozatu ahal izango da sormenaz, izan ere, marrazki-eremu bat egongo da, non marrazteko beldurra galtzeko proposamen eta dinamikak eskainiko diren.
Programaren baitan, hainbat lantegi, kontzertu eta proposamen daude aurreikusita, baita XI. Marrazkipotea egitea ere, deialdi irekia eta publikoa, marrazkigintzaren arloko ikasle, zale nahiz profesionalentzat irekia, ilustrazio- edo marrazki-dinamika bat egiteko.
55 stand, lantegiak, musika eta erretratuak
Guztira, 55 stand izango dira eta egileak berak egongo dira bertan. Era guztietara landuko da sormena, hainbat formatutan: marrazki eta ilustrazio originalak, akuarelak, serigrafiak, collageak, argazkiak, laminak, posterrak, postalak, Gabonetako apaingarriak, egutegiak, agendak, koadernoak, zapiak, poltsak, diru-zorroak, kamisetak, jertseak, gonak, skateak, panpinak, txotxongiloak, buruhandiak, mozorroak, moztekoak, katiluak, imitaziozko bitxiak, txapak, kuxinak, kutxak… Horrekin guztiarekin batera, mikro-ikuskizunak, musika eta swinga, eta heldu eta haurrentzako lantegiak, marrazki-eremua eta parte hartzeko hainbat proposamen.
Ilustramaratoia ere eskainiko du Mazokak, eta fotomatoi bat, non, merke-merke, erretratu edo karikatura bat eskuratzeko aukera izango baita. Gainera, Mazokaren haririk, “Berriz sentitutako objektutik irudikatutako objektura” erakusketa izango da Montehermoson abenduaren 18tik urtarrilaren 31ra bitartean.
Zer da Ilustrapados?
2014an sortu zen taldea, ilustrazioaren egungo panorama sustatu eta hobetzeko asmoz, Euskadin eta, bereziki, Gasteizen. Ordudanik, irabazi-asmorik gabeko elkarte gisa eratu zirelarik, hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu dituzte, zeinetan elkarrizketarako eta garapen eta ekoizpenerako espazioak sortu baitituzte, ilustrazioaren, komikiaren eta, oro har, marrazkiaren inguruan. Gaurdaino, hamar marrazkipote antolatu dituzte —hileko azken ostiraletan—, auto-edizioari buruzko azoka bat, apirilean, Liburuaren Azokarekin batera, eta marrazkiberbena bat, ekainean, denboraldia ixteko, baita hainbat aurkezpen eta solasaldi ere, ilustrazio-albumak, nobela ilustratuak eta komikiak hizpide hartuta.
Gai honi lotutako albisteak:
[ERREPORTAJEA] Pintxopotetik 'dibupote'-ra