‘Kapulana bat zintzilik’ ikuskizuna Aramaion

hirinet 2015ko abe. 9a, 01:00

Mundukidek 15 urte betetzen ditu eta kooperatibaz kooperatiba dabilen argazki erakusketa ibiltaria Euskal Herrian zehar herriz herri zabaltzea izango da hurrengo helburua. Erakusketa hori, gainera, bertso eta ipuinekin jantziko dute Miren Amuriza bertsolariak eta Eider Eibar ilustratzaileak.

 

‘Kapulana bat zintzilik’ ikuskizuna Aramaion

Noiz? Abenduaren 12an, larunbatean, 19.00etan

Non? Aramaioko kultura etxean

Informazio gehiago: Aramaioko Udala

 

 

Kapulanak Mozanbikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrei lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko baliatzen dituztenak. Hain dira erabilera anitzekoak, ezen edozer aurki baitaiteke zapi handion estalpean. Emanaldi honetan, kapulana bat zabalduko dugu eta bertan gordetako kantu, kontu eta irudiak aterako. Mozanbikeko lurrazalaren historiatik hasita, emakumeen eskuetako azal zimurrak irakurtzeraino egingo dugu bidaia. Tarte horretan Mozambiken ikusitakoaz arituko da Miren Amuriza, Eider Eibarren ilustrazioak lagun hartuta; hala bertsoz, nola ipuinez. Ez da abentura baten kronika izango, ezta Gobernuz Kanpoko Erakunde baten hitzaldia ere; hausnarketa txikiz eta galdera handiz josiriko kontakizuna baizik. Hala nahi duenarentzat, bere gogoetak eskegitzeko oihal zabala; horixe da “Kapulana bat zintzilik”.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago