Gasteizko Astialdi Foroak denbora libreko hezitzaileen lanaren garrantzia ezagutzera emango du

hirinet 2015ko abe. 7a, 01:00

Udaleko Gazteria Zerbitzuak eta denbora libreko zenbait erakundek “Nola beteko zenuke zure kantinplora?” kanpaina sustatu dute.

 

Abenduaren 5ean Boluntarioen Nazioarteko Eguna zela eta, denbora librearen alorreko zenbait erakundek eta gazte taldek, Astialdi Foroan elkartuta eta Udalaren laguntzarekin, kanpaina bat sortu dute boluntarioen lanak gasteiztarrei dakarzkien onurak ezagutarazteko. Aurreko astean, kanpaina honen baitan, kantinplora erraldoi batzuk jarri ziren hiriko hainbat lekutan.

 

Euskal Herriko Eskautak, Azterlariak, Arduradun eskola, Atseden eskola, Acción 21 eskola, Gurutze Gorria eta Arabako Eskaut Laikoa osatzen dute Gasteizko Astialdi Foroa, guztira 350 monitorek eta hezitzailek hartzen dute parte.

 

Urte osoan zehar, denbora libre hezitzaileko entitateek gizartearen onerako jarduerak eta proiektuak kudeatu eta gauzatzen dituzte, aisialdian. "Boluntarioek gustuko dutelako" egiten dute lan hori eta, gaur egungo aisialdiaz gain, beste aukera asko dagoela deritzote eta "horiek zeintzuk diren jakitea oso aberasgarria da":.

 

Denbora libreko hezitzaileen ahulgune bat "ezezaguna izatea" da. "Jendeak badaki denbora libreko taldeak daudela, baina ez dute benetan ezagutzen heziketa prozesu horrek duen balio erantsia", uste dute. “Pertsona askok uste dute gure helburu bakarra ondo pasatzea dela, baina hori zeharkako helburua besterik ez da”, diote denbora libreko hezitzaileek.

 

Aldarrikapenek ere badute lekurik kanpainan, izan ere, sektoreko elkarteek eta eragileek "behar duten laguntza eta babesa" emateko eskatzen diete erakundeei. Denbora libreko hezitzaileen lanak "luzaro iraun du eta hori zaindu beharra dago", etengabe eguneratzen baita, gizartearen beharrekin batera.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago