Normalean euskara hutsez argitaratzen diren zazpi toki komunikabidek oso zenbaki berezia kaleratu dute gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko: 2014an AIARALDEA aldizkariak izandako ideiari jarraiki, Beterri-Buruntzaldeko AIURRI, Araban banatzen den ARABAKO ALEA, Elgoibarko BARREN, Debagoienako GOIENA, Uribe-Kostako HIRUKA, Urumeako KRONIKA eta Lasarte-Oriako TXINTXARRI aldizkariek salbuespena egin dute gaur, eta erdarazko zenbaki berezia argitaratu dute, euskara ulertzen ez dutenei euskal komunitatearen berri emateko.
Toki komunikabide horiek gehigarri komun bat argitaratu dute, gaztelaniaz, euskara eta euskal komunitatearen inguruko informazioa zabaltzeko. Euskaltzaleen Topaguneak eta TOKIKOMek elkarlanean sortu duten gehigarri horretan, besteak beste, euskararen inguruko datuak eskaintzen dira, eta egunotan Anton Abbadia saria jaso duen Kike Amonarrizi egindako elkarrizketa mamitsua. Horrez gain, Iñigo Urkullu Lehendakariak ere inoiz euskararen inguruan emandako elkarrizketarik luzeena ere argitaratu dute toki komunikabideek.
Horrez gain, komunikabide bakoitzak lan berezia egin du bere inguruko hizkuntz komunitateekin, haiei ere lekua egiteko gaurko edizio berezian. Horrela, gaztelania ez ezik, herri eta eskualde bakoitzean egiten diren beste hizkuntzek haien isla izan dute toki komunikabide hauetan. Horrela, Arabako ALEA aldizkariak arreta berezia eskaini die Araban euskararen alde lan egiten duten elkarte, talde eta eragile guztiei, euren lana gizarteratzeko asmoz.
Toki komunikabideak batzen dituen TOKIKOMeko presidenteak, Urko Aristik, azaldu duenez, “argi utzi nahi izan dugu, batetik, euskara ez dela soilik euskaldunon ondarea. Euskal komunitatea zabalik dago hurbildu nahi duten guztientzat, haien hizkuntza edozein dela ere. Gainera, inguruan bizi dugun hizkuntz aniztasuna ere islatu nahi izan dugu. Gero eta kultura eta hizkuntza gehiago ditugu inguruan, eta euskara horien elkarbizitzarako gakoa izan daitekeela uste dugu”.
Komunikabideetako ordezkariek azaldu dutenez, gaurko zenbaki berezi honek “euskaraz ez dakitenekiko” keinua ere izan nahi du: argi azaldu nahi izan diete “zer, nola eta zergatik” egiten duten alde batetik; eta bide batez gogorarazi “toki komunikabideetan guztiek dutela lekua, euskaraz jakin zein ez”.
Albiste honi lotuta:
[ERREPORTAJEA] 365 días de compromiso
[BIDEOA] Jarduerez betetako Euskararen Astea aurkeztu dute udalak eta hainbat talde euskaltzalek
Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna: Ba al zenekien….