Denbora joan ahala, ordea, galdutako gramo bat garaipena izan daiteke, eta beste 100 gramo irabaztea, berriz, porrota. Ez da pisua galtzearen apologia egin nahi lerro hauetan, batzuetan presio horrek asko baitu gizarte lehiakor honen sintomatik (bide batez, gizarte-molde horrek egiten du hizkuntza gutxitu bat are eta gutxituago). Baina egoera hobeto ulertze aldera, hizkuntzen berreskurapenean ere berdina gertatzen da: ‘erraza’ da, baldintza egokiak izanez gero, hasieran aurrerapausoak ematea.
Zailtasuna, baina, ondoren dator: erabilera sustatu nahi dugunean, hizkuntza menperatzailearen pare jarri nahi dugunean, transmisioa areagotu nahi dugunean, kontsumoa sustatu nahi dugunean… Hizkuntza gutxitua izateko, egoera onean dago euskara. Zer demontre, batzuk gutxitua ere ez dagoela aldarrikatzen dute!
Inor gutxi dago konforme dugun pisuarekin eta hizkuntza guztiek dute gabeziaren bat. Euskara arriskuan dago Iparraldean; berdina esaten dute espainiar batzuk gaztelaniaren kasuan eta baita alemaniarrek alemanaren kasuan. Euskaraz argitaratzen diren doktoretza-tesi kopuruak urriak dira; Norvegian Zientzia, Medikuntza eta Osasuna eta Enpresagintza alorretan norbegierazko doktoretza-tesiak ez dira %6 baino gehiago, kasu onenean. Nafarroan ingelerari eskaini nahi zioten euskarak behar zuen tokia; Frantzian Konstituzioa aldatu zuten ingeleraren aurrean beraien hizkuntza nazionala babesteko. Euskal Herrira Estatu Espainiarretik jende andana etorri zen eta egoera soziolinguistikoa irauli zuten; herrialde baltikoetan gutxiengo errusiarra %45 izatera ere iritsi daiteke. Euskara hizkuntza-koofiziala da; bielorrusiera ofiziala da baina inork gutxik estimatzen du. Euskal Herriko toki batzuetan, atzerriko hizkuntzak (denak batuz) euskara baino gehiago erabiltzen dira, AEB-tako zenbait estatutan espainiera erabiltzen da ingelera ahalguztiduna baino gehiago.
Ezin da ukatu hizkuntza boteretsu horiek beste abantaila batzuk dituztela eta guk gure erronka eta zailtasunak ditugula, eta ezin da ukatu eguneko minutu bakoitzean euskararen alde egitea oso nekagarria eta etsigarria gerta dakigukeela, baina Solasalean-en Kike Amonarriz-ek esan zigun moduan: “Prezio berean, nik nahiago pozik bizi”. Eta ez da poztasun inozo bati buruz ari, ez. Irribarre batekin erantzungo diogu euskaraz erantzun ez digun dendariari, irribarrez irakurriko dugu alea, irribarrez idatziko dugu Behatokian gure hizkuntza-eskubideak urratu direnean, irribarrez irakatsiko diegu euskaraz gure seme-alabei, irribarrez protestatuko dugu irmoki Urkijok bere azkeneko salaketa aurkeztean; irribarrez biziko gara, badakigulako, noizbait, ez garela baskulara hainbestetan eta hainbesteko kezkarekin igoko.
Ezagutza, erabilera, ekintzailetza eta botere politikoa eskutik helduta doaz eta euskarak laurak behar ditu. Izan bedi zutabe xume hau euskaldundu diren eta euskaldundu duten milaka aurpegi anonimo horiek omentzeko momentua.
Egilea: Beñat Garaio. Arabako ALEA