Euskarazko zerbitzua eskaini eta euskaraz lan egiteko inbertsio eta lan handia burutzen ari dira Bai Euskarari Ziurtagiria duten guztiak. Eta bada garaia hau dena aintzat hartzeko eta behar bezala aitortzeko. Bada garaia bestelako jarrerak eta neurriak aplikatzeko. Bestelako neurriak behar dira, enpresen eta administrazioaren aldetik ez ezik, kontsumitzaile eta erabiltzaile garenon aldetik ere.
Erabiltzaile eta kontsumitzaile garen heinean, administrazioei, enpresei eta norbanakooi dagokigu euren kudeaketan euskara aintzat hartzen duten eta Bai Euskarari Ziurtagiria duten enpresa, produktu eta zerbitzu horiek lehenestea (erosketetan, kontratazioetan, diru-laguntza deialdietan edo lehiaketetan, adibidez). Guri ere badagokigu euskaraz lan egiten edo-eta saltzen duten enpresak, saltokiak eta entitateak hobestea. Denoi dagokigu egindako lanari ahalik eta etekin handiena ateratzea.
Zein da jardunbide egokia eta eredugarria Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen arabera? Zer egin beharko luke egoki jardun nahi duen entitateak? Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko dauden irizpideei jarraiki, lau eremutan jaso dugu euskararen erabilerari dagokionez egoki aritu nahi duten enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek egin beharreko bidea.
Jarraibide horiek hainbat adibiderekin hornituta jarri ditugu www.baieuskarari.eus webgunean, interesa duen orok kontsultatu ahal izateko, eta horien laburpen-gisa 20 jarraibide bildu ditugu enpresentzat euskarazko zerbitzua eskaini eta euskaraz lan egiteko bidea errazteko.
Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea da Ziurtagiriaren Elkartearen helburua eta euskaraz aritu nahi duten enpresei, saltokiei eta era guztietako entitateei erreferentzia bat eskain nahi die jarraibide hauekin. Praktika egoki bat da honako hau, adibidez: “Enpresek bermatuko dute langile guztiek lanpostua garatzeko hizkuntza gaitasuna izango dutela; ahoz zein idatziz”. Horrelako praktika egoki gehiago dituzue helbide honetan: www.baieuskarari.eus/eu/bai-euskarari-komunitatea/praktika-egokia-eta-eredugarria-euskaraz.
Egilea: Rober Gutierrez. Arabako ALEA