'Euskaldun zaharrei'

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2015ko abe. 2a, 01:00

Euskararen Egunean, euskaldun berrien ahalegina go(go)ratu dugu bereziki: euskara guraso-hizkuntza ez dutenen enpeinua, nolabait definitzearren –definitzerik badago–. Agian, zu izango zara, irakurle, euskara ikasteko eginahal betean ari diren horietako bat. Edo, akaso, euskaldun zahar esaten zaien horietakoa zara, euskara etxean ikasi zuten horietakoa. Bada, galdera-sorta bat zuretzat.

 

Batetik, egitateen inguruan: inoiz pentsatu al duzu zer egiten duzun zuk, euskaldun zahar etiketaren konnotazio sendo erosoen jabe zaren horrek, euskaldun berri etiketa lauso eta sarri gutxiesgarria dutenekin? Erdi totelka eta zalantzati hizketan hasten zaizkizunean, haien euskara-nahiaren parekoa al da zure pazientzia? Ala urduri jarri eta erdaraz erantzuten diezu, gauzak erraztu edo, hobeto esanda, sinpletzearren?

 

Bestetik: eta alderantziz izan balitz? Euskal Herrian bizi bai baina euskara etxean txikitatik ikasi izan ez bazenu? Irtengo al zinateke erosotasunaren lubakitik? Emango al zenuke izena euskaltegian 26, 38 edo 63 urterekin, eta sartuko al zenituzke orduak eta euroak eta izerdiak euskara ikasteko? Nola sentituko zinateke zeu bazina erdi totelka eta zalantzati mintzo den hori?

 

Euskararen Egunaren ospakizun-kutsua gorabehera, halako galderak egin dizkiot azkenaldian neure buruari. Eta erantzunak ez dira izan eroso-erosoak.

 

Egilea: Maialen Berasategi. Arabako ALEA

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago