Hiesaren Kontrako Batzordeak 30 urte darama lan egiten Araban eta elkarrizketan Martinezek azaldu duen moduan, elkarteak hiesaren froga lehenbailehen egitea gomendatzen dio kutsatze arriskua duen edozein jarduera egin duenari. Arabako Batzordeak hilero hiesaren 33 froga egiten ditu. Froga doakoa eta anonimoa da eta farmazietan zein Batzordean bertan egin daiteke. Aurten 8 positibo eman dira Araban, Batzordearen datuen arabera eta farmazietan froga egin dutenak zenbatu gabe.
Belen Martinezek azpimarratu du hiesa ez dela jada heriotzarekin zuzenean lortzen. “Gaixotasun kronikoa da”, esan du. Hala ere, honek alde negatiboa baduela adierazi du, "jendeak ez baititu babes neurri egokiak hartzen".
Bestalde, hiesari buruzko informazio falta oraindik dagoela adierazi du Belen Martinezek. “Pertsonak informatzea beharrezkoa da. Informazioak beldurra kendu eta normaltasuna mantentzen du”.
Hiesa duten pertsonek estigmatizatuak izaten jarraitzen dute, kutsatzea sozialki ondo ikusitak ez dauden jarduerekin erlazionatzen baita. Besteak beste, drogen kontsumoa edota promiskuitatea, baita “desbideratuak” kontsideratzen diren jarduera sexualekin ere; hala nola, homosexualitatea, bisexualitatea edo transexualitatea. Azken kasu honetan, “gizarteak, hipokresiarekin, jarrera horiek baztertu eta gaixotasunarekin lotzen du eta oraindik gaixotasuna izatea aitortzeko beldurra badago. Aitortze honek izan dezakeen baztertze sozialari beldurra dago”, adierazi du Belen Martinezek.
Arabako Hiesaren Kontrako Batzordeak 20 boluntario ditu eta Vital Fundazioa, La Caixa, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen du.