[GUTUNA] ‘Txikia nintzenean’, Ruth Ibañez

hirinet 2015ko abe. 1a, 01:00

Pasa den astean, eskolako lau urteko umeak beren txokoan margotzen ari ziren; bere gauzei buruz hitz egiten zeuden, lasai, koloreekin esperimentatzen zuten bitartean, pozik, lau urteko umeak egon behar diren moduan.

Halako batean, batek albokoari horrela esan zion: ni txikia nintzenean marrazki handi-handi bat egin nuen nire amarentzat, baina orain hobeto margotzen dut. Begira geratu nintzen, ezer esan gabe, nire buruari galdetuz txikia izateak zer esan nahi duen lau urteko batentzat. Handia ikusiko du bere burua? Noski baietz, pentsatu nuen. Inoiz ez da hain nagusia izan.

 

Ez dira umeak bakarrik; guk, helduok, ere egiten dugu. Gogoratzen dut beti nola, gurasoekin bizi nintzenean, irratian klasikoren bat jartzen zutenean aitak beti esaten zuen “abesti hori nire garaikoa da”. Momentu horretan nik dauzkadan urteak baino pare bat gehiago izango zituen, baina antza “bere garaia” pasata zegoen. Ni ere hasi naiz halakoak esaten, aspaldin gainera. Hogeita hamar urterekin ohikoa da esatea “ni, gaztetan,...”, jada gaztea izango ez bagina bezala. Baina orduan berrogeiak datoz, eta hasten zara pentsatzen “gaztetan” hori luzetxoago ere izan daitekeela, agian hogeita hamabost, agian pixka bat gehio. Imajinatzen dut berrogeita hamarrekin ere berdintxu ibiliko garela, “ai, nola bueltatu berrogei izatera”, eta horrela lerro amaiezin batean, beti atzera begira, konturatu gabe bizitzen ari garen momentua etorkizunean urrezkoa irudituko zaigula. Horrela gara, beti atzera begira. Txikia nintzenean, gaztea nintzenean, umeak txikiak zirenean...

 

Neurologoek, antza, argitu dute zergatik gertatzen zaigun hau, orainaldian ez dakigulako bizitzen, gure garunak ez du onartzen “orain” kontzeptua. Yoga eta meditazioa egiteak ere ez omen du laguntzen. Agian, kontzienteak izatea lortzen badugu, “orain” horren konzientzia hartu ahalko dugu, gure garuna trebatu momentu guztiak bereganatzera. Edo behintzat umeak bezala izaten ikasi ahalko dugu: bai, hogeita hamar urterekin gazteagoa nintzen, baina orain, ai orain, askoz hobeto bizi naiz eta nahi nuen pertsona bihurtu naiz. Nik ere hobeto margotzen dut. Dudarik gabe.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago