103 film ikusgai 'Cortada' film laburren jaialdian

hirinet 2015ko abe. 1a, 01:00

Hautaketa batzordeak oso zaila izan du lehiaketara aurkezturiko 533 lanen artean aukeratzea (iaz baino 5 gehiago aurkeztu dira). 

Aurten 103 film labur emango dira (2014an baino 32 gehiago); saio gehiago jarriko dira, eta ikus-entzunezko formatu interesgarri horren estatuko panoramako lanik onenak aurkeztuko dira.

 

Jaialdiak bere XIX. edizioa ospatuko du aurten abenduaren 1etik 5era. Zazpi sailetan egongo da banatuta: Fikzioa, Animazioa, Dokumentala, Gureak, Hemengoak, Unilabur eta EHULabur. Modu honetan, unibertsitateko gazteak bultzatu nahi dituzte horrelako jaialdietara joatera eta zinema egitera.

 

Berritasun gisa, aurtengo edizioan euskal film laburrei buruzko egun bat egongo da eta bat egingo du UPV/EHUko euskararen aldeko EHUskARABAnda jaiarekin. Jai horretan, euskararen erabilera sustatzeko bideo maratoi tradizionala jokatuko da. Hortaz, abenduaren 3a Gureak atalaren eguna izango da, eta gure herriko film laburrak proiektatuko dira. Bestalde, Freaky Gauak (aurten abenduaren 5ean egingo da, larunbatean) amaiera emango die alde guztietatik zinemaz beteriko 5 egun horiei.

 

Azkenik, bihotzez oroitu nahi dituzte jaialdi honen eta euskal zinemaren zati garrantzitsu izan diren bi pertsona, ustekabean utzi baikaituzte aurten: alde batetik, Aitor Mazo, bilbotar aktore itzela, zeina 2014ko amaiera ekitaldian izan baitzen (David P. Sañudoren Artificial film laburraren bidez gogoratuko dugu), eta, bestalde, Iñigo Santander, Arabako askotariko film laburrak jorratu zituena, zeinak Hemengoak atalean parte hartu baitzuen (atal horren bidez gogoratuko dute, halaber). Haiei eskaini nahi diete lehiaketa hau.

 

Informazio gehiago: Cortada XIX. Film Laburren Jaialdiko egitaraua

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago