Vasco-Navarroaren bide berdeko bizikletentzako ibilbidea osatuko da Gasteizko zatian

hirinet 2015ko aza. 30a, 01:00

Udal gobernuak Vasco-Navarroaren bide berdeko bizikletentzako ibilbidea osatuko du Gasteizko zatian, garai batean Lizarra eta Bergara Gasteizen barrena lotzen zituen trenbidearen trazadura sustatzeko xede duten jarduera multzo baten barruan.

 

Azaroaren 27an, ostiralean, Gobernu Batzarrak trazaduraren iparraldeko lanetarako kontratatzio dosierra onetsi zuen; lanak egiteko aurrekontua 165.048,83 eurokoa da, eta gauzatzeko epea, hamar aste. Lan horiei esker, Herrandarren kalea Zaramaga kalearekin lotuko da, Ballester Apezpikuaren kalean eta Legutianoko atean barrena. Hirian azken urteetan ezartzen ari den Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren barruko proiektua da, ibilgailu pribatuaren ordez garraio kolektiboz, bizikletaz eta oinez ibiltzea lehenesteko xedez.

 

Zubigarai eta Otazu arteko zatian –Arabako Foru Aldundia egiten ari da– berriki igarobidea jarri da, eta jarduera hori funtsezkoa zen bide berdeak Gasteizen sarbide egokia izan dezan. Orain beste bi zati geratzen dira udalerriari dagokionez. Lehen esku-hartzearen bidez, iparraldeko lotura konponduko da. Trazaduran jatorrizkoa ahalik eta gehien mantentzea izan da helburua, bidearen zatirik handienean bizikletentzako bide bereizi eta babestua egitearren; izan ere, motordun ibilgailuekin batera zirkulatzen oso ohituta ez  dauden erabiltzaileak hartu dira aintzat. Gainera, Aranbizkarreko parkea inguratzen duen bidegorria Madril eta Zaramaga kaleen arteko bidegorriarekin lotuko da, Burgos kalearekiko bidegurutzean.

 

Bi noranzko bidegorria izango da, motordunen trafikotik balizaz eta banatzailez bereizia eta babestua.  Legutianoko atean lineako aparkalekuen zati bat eta zirkulaziorako errei bat hartuko ditu. Aldi berean, segurtasuna hobetuko da Burgos kaleko oinezkoentzako pasabidean: berdegunea txikitu eta espaloia handitu egingo da, oinezkoen pasabidea atzera eraman eta oinezkoentzako babesa zabaltzeko. Lan horiek oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa eten gabe egingo dira, asfaltatze eta margotze lanetarako izan ezik (horiek batera egiteko ahalegina egingo da).

 

Argazkia: Gasteizko Uda

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago