Egun bat gehiago eta Txoko Gastronomikoa, aurtengo Ardoarabaren berritasunak

hirinet 2015ko abe. 1a, 01:00

Aurtengo edizioan 43 stand jarriko dira, eta horietaz gain, 87 ostalaritza-establezimenduk –Azoka plazako gastro-taberna berriak barne- 101 proposamen gastronomiko eskainiko dituzte.

 

Ardoaraba dugu Gasteizko turismo erakargarri nagusia abenduko zubirako. Hamabosgarren edizioak asistentzia marka gainditzeko helburua du, egun bat gehiago iraungo baitu (iaz lau izan ziren eta aurten bost), eta ohiko lau karpez gain beste bat jarriko da Foru plazan, Txoko Gastronomikoa deritzona. Karpa horretan azalpenekiko dastatzeak, ardoen aurkezpenak, pintxoak, sukaldaritza erakustaldiak eta haurrentzako lantegiak eskainiko dira, besteak beste.

 

Azoka plazako gastro-taberna berrietan pintxoak, menuak eta Arabako ardoak aurkitu ahalko dira. Ardoarabaren alderdi gastronomikoa ere indartuko da, batetik, “Goxo-Goxo” gourmet eta kalitateko produktuen feria egingo delako eta, bestetik, Almendrako Azokaren edizio berezia egingo delako abenduaren 5ean, larunbata, kupelen ibilbidea, txoko gastronomikoa eta truke txokoa barne.

 

Horri 25 jatetxetan 9 eta 49 euro artean emango dituzten Ardoaraba menuen eskaintza gehituko zaio. Aipatzekoa da, halaber, hilaren 5ean, 6an eta 7an karpak goizez irekiko direla, merkataritza sektorearekiko sinergiak sortzeko.

 

Gasteizko Turismo Bulegoaren eta RENFEren arteko lankidetza egongo da: Ardoarabaren egunetan hirira trenez datozen pertsonek %35eko deskontu berezia lortu dezakete txarteletan.

 

Ardoarabaren 2014eko edizioan 85.820 pertsona zenbatu ziren karpetan; ia laurden bat Gasteiztik kanpokoa zen, eta %10, Euskaditik kanpokoa. Ekitaldira etorri ziren turisten %64k eman zuten gaua hirian, eta batez besteko gastua 145 euro izan zen.

 

Argazkia: Gasteizko Udala

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago