Enkore: "Musiko legez ere, asko hazi gara"

hirinet 2015ko aza. 30a, 01:00

Enkore taldeak (Errekalde auzoa, Bilbo, 2009) hirugarren diskoa grabatu du 2015eko udan, "E" izenekoa. "E" diskoa zera da: melodia, dantza, leloak, rock-core melodikoaren sustraiak, armonien bizipoza, poparen samurtasuna, danceren eromena... eta hirugarrena.

 

Enkorek kontzertua eman zuen Gasteizko Gaztetxean azaroaren 28, larunbatean, Txapelpunk eta Emon taldeekin batera.

 

Disko berria atera duzue aurten, ‘E’ izenekoa. Zer esan nahi du ‘E’ horrek?

“E” horrek Enkoreren arima, funtsa eta, finean, gu garena islatzen du. Enkore E biren artean egon da beti; Errekalde, gure auzoa, ere bai. Enkore E letrez inguraturik egon dela esan dezakegu. Hala ere, diskoaren azalean agertzen den “E”a alderantziz idatzita dago, 3 zenbakiaren tankera har lezakeena, bide batez; hau gure hirugarren lan luzea baita.

 

Nola definituko zenukete disko hau? Zer aurkituko dugu?

Enkoreren arima gordetzen duen diskoa da, talde bera gara eta hori nabaria da oso. Baina disko honetan esperimentazioari tarte askoz ere handiagoa eskaini diogu: Enkoreren arima gorputza balitz, esperimentazioz jantzi ditugu doinuak. Rock diskoa da, baina oso dantzagarria.

 

Aurretik kaleratutako diskoekin alderatuz gero, aldaketa nabarmenik al dago?

Aldaketak bizirik gauden seinale dira. Oso talde gaztea gara, musika anitz entzutea dugu gustuko eta hori igarri egiten da ezinbestean. Etengabeko ikasketa prozesuan murgilduta gaudela esan dugu maiz, eta ikasten goazen heinean barneratutakoa plazaratzen dugu disko bakoitzean. Honetan, bereziki, rock soinu gordinagoetara jo dugu, baina gaurkotasun handiz jokatuz; erritmoak eta estetika orokorra 2015ekoak dira, baita 2016koak ere esango genuke.

 

Hirugarren diskoa dugu hau. Nola aldatu da taldea denbora honetan?

Asko aldatu da bai. Alde batetik, baterijole berria dugu, Faktore Komunak diskoan egon ez zena. Bestetik gero eta era profesionalagoan hartu izan dugu Enkore suposatzen duen guztia. Musiko legez ere, asko hazi gara… Orain ez genuke sekula egingo 2012an egin genuen lehenengo disko hori. Honekin ez dut esan nahi damutzen edo lotsatzen gaituenik disko hark, baina garapen handia egon da gugan, eta produkzio prozesua erabat diferentea da orain.

 

Disko berriko zein abesti nabarmenduko zenukete?

Guztiak. Gauza batengatik edo bestearengatik 10 kantuek merezi dute nabarmentzea. Guztiz emozionatzen ez gintuzten kantuak kanpoan geratu dira, ez ditugu diskoan sartu. Hala ere, uste dut abesti bakoitzak bere momentua daukala; edo momento bakoitzak “E” diskoko kantu bat daukala.

 

 

‘Espero dena’ abestia Oihana Barta bertsolariak idatzi du. Zergatik eskatu zenioten kanta hau bertsolari batek idaztea?

Beti izan dugu emakumearen presentzia gure diskoetan. Lehenengoan Aiora Renteria, eta bigarrenean Zuriñe Hidalgo. Oraingo honetan beste emakume baten kolaborazioa behar genuen, ezberdina izan beharko zuena. Zergatik ez dizkigu kantu baten hitzak neska batek idatziko? Oihana goi mailako bertsolaria izateaz gain, idazle aparta eta pertsona hobea da; Bilbotarra gainera, gertukoa. Emakumearen ikuspuntu kritikoa dakar kantu horrek, Oihanarena. Plazer eta ohorea da berak idatzitakoak kantatzea.

 

‘Isiltasun oihu bat’ abestian, berriz, etorkizun beltza ikusten duzue. Benetan beltza ikusten al duzue?

Beltza ez da. Grisa agian… Lainoak daude gure aurrean. Horrek ez du esan nahi laino horiek kenduko ez ditugunik, horretarako indarrak soberan ditugu eta.

 

Zein da orokorrean lan honekin zabaldu nahi duzuen mezua?

Ez dago orokorrean mezu konkreturik. Gure barneak mugitzen duen hori idazten dugu, besterik ez.

 

Azaroaren 28an, larunbatean, Gasteizko Gaztetxean eman zenuten kontzertua Gazte Hitz jaialdian. Gogotsu zentozten?

Oso! 6 urte pasatxo igaro dira gure lehen kontzertua eskaini genuenetik, Gasteizko Gaztetxean. “E” diskoaren aurkezpen bira hasteko ez dago leku hoberik. Guretzat xarma berezia daukate taula horiek. Ordura arte egin ditugun 10 kanturik onenak daude disko berri honetan eta publikoarekin bizi nahi ditugu zuzenean. Aspaldi ez genuen izan kontzertu bat emateko hainbeste gogo!

 

Argazkia: Maider Sierra

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago