Maitane Cuesta, Bizirik elkartea: “Publiko eginez, erasotzailea deslegitimatu egiten dugu”

hirinet 2015ko aza. 30a, 01:00

Amesgaiztoa atzean utzi eta, biktima izateaz harago, beste urrats bat egin nahi dute Bizirik elkartean. Euren esperientzia baliatuta, antzeko egoera bizi duten emakumeei babesa eman eta jabekuntza sendotu nahi dutela azaldu du taldeko kide Maitane Cuestak (Gasteiz, 1990).

Indarkeria matxistatik ateratzeko prozesuan bidelagun izan nahi dutela azaldu du Cuestak; entzun eta babesa emateko taldea izango dela aipatu du.

 

Zergatik 'bizirik'? Zer esanahi du elkarteko kideentzat hitz horrek?

Bizirik jarraitzen dugula esan nahi dugu, eta ez da gutxi inguruan ikusten dugunarekin. Harreman toxiko batzuen ondoren bizirik gaudela nabarmendu nahi dugu, eta baikortasuna ere erakutsi nahi dugu, bizirik gaudela ozen esan eta bizirik jarraitzeko gogoarekin gainera.

 

Noiz elkartu zineten lehenengoz?

Talde hau Gasteizko Udaleko Berdintasunerako Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren familia indarkeria eta generoko unitatearen eskutik sortu zen. Autodefentsa feminista ikastaroetan zeuden emakumeak elkartu eta hainbat saioren ostean sortu zen. Gure jabekuntzarakoproposamen moduan sortu zen eta horrekin aurrera egitea erabaki genuen. Momentuz 14 emakume gaude elkartean; zenbaitek oraindik prozesu irekiak dituzte eta tarteka laguntza ematen digute.

 

Entzutea, kontatzea, babesa ematea. Zeregin horiek nabarmendu dituzue.

Entzutea da elkarteko kideon zeregin nagusia, eta egoera horretatik atera daitekeela gogoratzea, lasaitasuna ematea. Hiltzeko gogoz zaude batzuetan, ez duzu ezer argi ikusten eta antzekoa bizi duen norbait ezagutzen ez baduzu oso gogorra da; familiak eta lagunek laguntza ematen dizute baina eurek bizi izan ez badute ez da erraza. Lotsa izaten da gakoetako bat, lotsatuta zaude erasoa jasan eta gero, eta garrantzitsua da norbaitekin enpatia izatea. Lotsak eta beldurrak geldiarazten zaitu zure errua izan dela pentsatzen duzulako, eta hori da, hain zuzen, emakumeei azaldu nahi dieguna. Ez dela lotsarik izan behar eta edonori gerta dakiokeela bizi garen patriarkatu honetan.

 

Publikoki kontatzeko ere lotsa gainditu behar duzue.

Lotsa eta beldurra. Lotsa gainditu behar da publikoki azaltzeko baina baita beldurra ere, erasotzaileak hortxe inguruan daudelako eta ego- ten jarraituko dutelako. Baina garrantzitsua da elkartuta egotea eta jabekuntza aurrera eramatea; gutako inori zeozer gertatzen bazaio badakigu nora jo eta badaukagu babesa, eta dagoeneko zerbait ikasi dugu, badakigu zer jasan dezakegun eta zer ez.

 

Zuen kasuan, halako elkarte baten laguntza faltan izan zenuten?

Bai. Gurasoak, familia, lagunak hor daude laguntzeko baina zaila da... Normalean eraso fisikoen aurretik eraso psikologikoak izaten dira eta zure jendetik urruntzea lortzen dute; hamaika aldiz esaten dizute halako pertsona batekin ez zaudela ondo, uzteko, alde egiteko... baina begiak irekitzen dituzunerako eta zer gertatu zaizun konturatzen zarenerako zure inguruko batzuek nekatuta alde egin dute.


 

Zein izaten da konturatzeko momentua?

Beti dago "klik" bat erasotzailearen eta gure artean, harekin segitu nahi ez duzula konturatzen zaren momentu hori. Gurasoengandik urruntzen ari zarenean izan daiteke momentu horietako bat, edo umea arriskuan ikusten duzunean... hainbat "klik" daude; orduan hasten zara pausoak ematen.

 

Profesionalen osagarri izan nahi du elkarteak?

Bai, ez gara profesionalak, eta bestelako laguntza eskaini nahi dugu. Halako harreman bat uzten duzunean askotan ez duzu dirurik, ez duzu etxerik, ez lanik... eta baliabide horiek izateko laguntza eskaintzen hasi gara, esate batera. Guk geuk ere ezagutzen ez genituen diru laguntzak eta baliabideak daudela ikusi dugu eta emakumeen eskuetan jarri nahi ditugu. Azken batean, edozein momentutan entzuteko prest egongo gara, egunero, leihatilan hitzordurik eskatu beharrik gabe.

 

Urtarriletik abuztura 372 indarkeria matxista kasu zenbatu dituzt araban.

Oraindik lan handia du gizarte honek. Nire ustez txikitatik adierazi behar zaio haurrari zer dagoen ondo eta zer ez, pertsonak garela, berdin emakume edo gizon. Eta, hala ere, zaila izango da estimulu sexista ugarik inguratzen gaituztelako, telebista, abestiak edo pelikulak direla... Eguneko momentu askotan ditugu horiek gure aurrean eta ongi bereizten ez baditugu normaltzat hartuko ditugu. Disneyren pelikulek, esaterako, min handia egin digute, estereotipo horiek barneratu ditugulako. Etengabe errepikatzen digute amodioa halakoa dela, guztia eman behar dugula, zure printzea dela... eta argi dago hori ez dela horrela, norbait maite baduzu libre maitatuko duzu eta den moduan. Gizarteko arazo bat dela ikusi behar dugu eta ez bikote arazoa.


 

Oraindik hainbatek ez dute salaketarik jartzen.

Nik uste salaketa ez dela erabateko konponbidea; askotan burokrazia baino ez da. Urruntze agindua amaitzen denean zer? Eta jakin badakigu hori izan bitartean ere hiltzen gaituztela. Ez dakigu salaketa bidea den ala ez. Elkartean gauden guztiok salaketa jarri genuen, batek izan ezik; ez zuen jarri tratu txarrak psikologikoak izan zirelako eta hori jasan duela probatzerik ez duelako. Oso tristea da, kolpea jaso baino lehen indarkeria psikologikoa izaten delako beti. Horiek frogatu behar izatea oso nekagarria da eta batzue- tan jarri gabe alde egiten dugu.

 

Zer aholku emango zenioke zuek bizita- koaren egoera berean izan daitekeen emakume bati?

Kontatzea, batzuetan zaila den arren. Bizitzen ari zarena "normala" den zalantza duzunean aukera ona izan daiteke egoera hori beste harreman batzuetara eramatea. Demagun aste barruan "eroaldia" izaten duela eta aste bukaeran bonboiak ekartzen dizkizula: hori zuk beste adiskide batzuekin onartuko zenuke? Ez isiltzea da nire aholkua, behar denari kontatzea. Publiko eginez gero erasotzailea deslegitimatzen dugu eta haiek dira lotsa sentitzen dutenak.

 

Egilea: Anakoz Amenabar

Argazkiak: Aitor Alvarez

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago