Abenduaren 20ko hauteskundeetan mahaikide izatea egokitu zaizun jakin nahi?

hirinet 2015ko aza. 24a, 01:00

Abenduaren 20an izango diren Gorte Nagusietarako hauteskundeetarako mahaiburu eta mahaikideak izendatzeko zozketa egin du udalak eta egun horretan, hauteslekuetan izan behar diren herritarren zerrenda eskuragarri jarri dute udalaren webgunea:  zozketaren emaitzak.

 

Hautesle errolda uztailaren 30eko datuekin itxi zen eta, kontsulta eta erreklamazioak egiteko epea amaitu delarik, hauteskunde hauetan 186.354 pertsonek izango dute botoa emateko eskubidea Gasteizen.

 

Lau hautesleku berri: Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroa, San Martineko udal bulegoak eta Salburuko gizarte etxea

34 hautesleku egongo dira orotara. Aurreko hauteskundeen aldean, hiru hautesleku berri daude; Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroa, San Martineko udal bulego berriak eta Salburuko gizarte etxea. Lau dira, aldiz, kenduko diren hauteslekuak: San Andres kiroldegia (hango hautesleak Europa biltzar etxera aldatuko dira), San Martineko ikastetxea (hango hautesleak udaletxe berrira aldatuko dira), Luis Aranburu Musika Eskola (hango hautesleak Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentrora aldatuko dira) eta Arantzabela Ikastola (hango hautesleak Salburua LHIra aldatuko dira).  Guztira, 298 hauteskunde-mahai egongo dira.

 

Zer eskubide dituzte hauteskunde mahaietako kideek?

Mahaiburuek eta mahaikideek, bai eta azkenean mahaiko kide titular bilakatzen diren ordezkoek ere: 62,61euroko dieta bat jasoko dute, biharamunean lanaldia 5 ordu murrizteko eskubidea izango dute eta hauteskundeetan parte hartzetik eratortzen diren kontingentzia eta egoeren aurrean Gizarte Segurantzaren sistemak babestuta egongo dira.

 

Zer gertatzen da osatu behar dudan mahaian agertzen ez banaiz?

Hauteskunde mahaietako mahaiburu eta mahaikide karguak nahitaezkoak dira. Ezin dituzte karguak hartu hautagai aurkezten direnak.

Mahaiburua, mahaikideak eta ordezkoak, euren eginkizunak betetzera ez badoaz, hiru hilabetetik urtebetera bitarteko espetxe zigorra edo seitik hogeita lau hilabetera bitarteko isuna izango dute.

Mahaiburu eta mahaikide izendapena azaroaren 21 eta 28 bitartean jakinarazi behar zaie interesdunei (zozketaren hurrengo 3 egunetan). Jakinarazpenarekin Mahaietako Kideentzako Jarraibide Eskuliburu bat emango zaie, Hauteskunde Batzorde Zentralak ikuskatu duena eta Ministro Kontseiluak onartu.

Mahaiburu eta mahaikide izendatuek zazpi egun izango dituzte kargua onartzea eragozten dien kausa justifikatu eta dokumentatu bat alegatzeko Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari. Batzordeak bost eguneko epean ebatziko du, errekurtso barik, eta, kasua bada, lehen ordezkoari jakinaraziko dio gertatu den ordezpena.

 

Informazio gehiago: Hauteskunde-mahaietako kideen eskuliburua

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago