Hala Bedi irratiak programazio berria aurkeztu du

hirinet 2015ko aza. 25a, 01:00

2015-2016 ikasturtea martxan da Hala Bedi irratian, bere kate elebidunean (Hala Bedi Bat) zein euskara hutsezkoan (Hala Bedi Bi). Ikasturte honetan ere, uhinetan zein sarean, badute nobedaderen bat edo beste.

 

Irratsaioei dagokienez, hauxek dira Hala Bedi Bat-en (FMko 107,4an) edukiko dituzten nobedadeak:

 

“La maketa”: Aktualitatea ikuspegi punk batetik landuko duen irratsaioa (larunbatetan 18.00-19.00)

“A todo gas”: Energia, kapitalismoaren ondorioak eta deshazkundearen inguruko gaiak sakonean landu nahi dituen irratsaioa (astelehenetan 21.00-22.00)

“Kasakatxan”: Bueltan den, bidaiei buruzko irratsaio historikoa. Urtarriletik aurrera hasiko dira (astelehenetan 22.00-23.30)

“Pixel”: Bideo jokoen munduari buruzko saioa (astelehenetan 19.00-20.00)

“... o no será”: Feminismoaren ingurukoak landuko dituen saioa. Urtarriletik aurrera hasiko da (ostegunetan 21.30-22.30)

“La calle del ritmo”: Hip hop munduari buruzko saioa (ostiralero 23.00-01.00)

 

Honetaz gain, iazko ikasturtearen erdi inguruan emititzen hasi ziren “Desde el abismo”, metal musika eta umorea nahasten dituen saioa, ikasturte honetan ere entzungai dago Hala Bediren lehenengo katean (astearteetan 14.00-15.00).

 

Gainontzekoan, aurreko urteetako apustuekin aurrera jarraituko dute. Goizetako “Suelta la Olla” magazinak 21 urte bete ditu aurten. “Zebrabidea” ,berriz, Arrosa sareko irrati guztion artean ekoizten dute. Azken honetan, aldaketa txiki bat egin dute: iaz arte Arabako aktualitateari eskaintzen zitzaion “Zebrabidea”-ren azken orduari izena aldatu diote, eta kultura eta agendari begiratzeko “Kantoia” irratsaioa bihurtu dute.

 

36 dira momento honetan, Hala Bedi Baten ekoizten diren irratsaioak. Horietatik, 25 gazteleraz egiten dira, 10 euskaraz eta bat Hassaniaz. Beren irratsaioez gain, ordea, Arrosa sarearen bidez beste 13 irratsaio igortzen dituzte goizeko 7.30ean hasi eta goizaldeko 01.00a arte luzatzen direnak.

 

Hala Bedi Bat irratian nobedade guztiak gaztelerazkoak badira ere, Hala Bedi Bi irratian (FMko 88.8a Gasteizen) apustu garrantzitsua jarri dute martxan joan den urriaren hasieran; “Hizpidea” eta “Araba hizpide” aktualitateari buruzko magazinak. “Hizpidea”, Bilbo Hiria irratiarekin batera egiten dutena, goizeko 9.00etatik 10.00etara entzun daiteke astelehenetik ostiralera eta gure herrian albiste izandako gaien ingurukoek biltzen dira elkarrizketa zein kolaborazioen bidez. “Araba hizpide” jarraian da Hala Bedi Bi-n bakarrik, albiste lokalagoei hurbiletik erreparatzeko, astelehenetik ostiralera (10.00-11.00) emititzen duten ordu beteko magazina.


Bi magazin hauek, lehenengoa Euskal Herri mailakoa eta bigarrena lokalagoa dena, osatzen dute Hala Bediren euskarazko katean goizetarako beren beregi ikasturte honetan egindako apustua. Berau dute, gaur egun, Gasteizen Arabari buruz euskarazko eskaintza bakarra. Bi ordu hauetan zehar, aktualitateari erreparatzeko, kolaboratzaile sare zabal batek hartzen du parte. Beraien helburua, gaurkotasunari ikuspegi ezberdinetatik begiratzea baita.

 

Hauek dira azaroaren 28an, datorren larunbatean, eguerdiko 12.00etatik aurrera Aiztogile kaleko Hala Bedi tabernan egingo duten Parrillada jaian aurkeztuko dituzten berrikuntzak. Tabernatik bertatik, 12.00etan hasi eta 14.00ak arte, irratsaio berezi bat egingo dute ikasturte honetan hasi berri diren saioetako kideekin hitz egiteko. Horretaz gain, ez da jateko eta edatekorik faltako.

 

Baina Hala Bedi irrati bat baino zerbait gehiago ere badela esaten dutenez, uhinetatik kanpo ere badituzte berritasun batzuk aipatzeko: berriro martxan jarri den “Hala Bideo”-en proiektua. Beraien asmoa irudien bitartez, batez ere, Gasteizen eta Araban gertatzen direnen berri ematea da, irrati bidez egiten dutenaz gain.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago