Indarkeria matxistaren biktimak gogora ekarri ditu Gasteizko udalak, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunean

hirinet 2015ko aza. 25a, 01:00

Gaur, azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunean, erakunde-adierazpena egin du udalak eta indarkeria matxista borrokatzeko konpromiso “irmo eta etengabea” agertu du.

 

2015ean, Gasteizen eraildako emakume bat eta 112 salaketa

Urtea hasi denetik, hiru emakume hil dituzte EAEn beren bikotekideek edo bikotekide izandakoek. Horietako bat, Gasteizen. María Ana, 29 urtekoa, bere bikotekide izandakoak erahil zuen apirilaren 2an Gasteizen. Alaba bat eta bi seme zituen. Leyre Rodríguez bere senar ohiak erahil zuen Arrigorriagan, abuztuaren 8an. 34 urte zituen eta bi seme utzi ditu umezurtz. Almudena Matarranz, 39 urteko bilbotarra, bere bikotekideak erail zuen Erandion, joan den urriaren 3an. Estatu osoan, orain arte, 48 emakumek galdu dute bizia indarkeria matxistaren eraginez. Horrez gain, aurten, gure hirian 112 emakumek jarri dituzte salaketak tratu txarrengatik udaltzaingoan, beren bikotekidearen edo bikotekide izandakoaren aurka, eta 150 emakumeri eskaini zaie arreta gizarte zerbitzuetan. Horietatik, % 67,3k seme-alabak ditu bere ardurapean.

 

Datu larri hauen aurrean, Gasteizko udaleko talde politko guztiek deialdi bat egin nahi dute gaurkoan, “hiritar guztiei edozein portaera matxista salatzeko, eta bakoitzak zer egin dezakeen pentsatzeko, maila pertsonalean zein kolektiboan, portaera matxista horiek murrizteko -ezabatu arte-, diren neurrikoak direla, emakumeen eskubideak urratzen dituztelako eta horien askatasunak eta ahalmenak zanpatzen dituztelako”, adierazi dute erakunde-adierazpenean.

 

Horretarako, 2016an honako proiektuak jorratuko ditu Gasteizko udalak, talde feministen eta bestelako eragileen parte-hartzearekin.

Emakume eta Gizonezkoen Berdintasunerako IV. Plana Gasteizen, eta aurrekoetan bezalaxe, indarkeria matxistaren aurka egiteko norabideak ezarriko dira emakumeak ahalduntzeko ikuspegitik.

Emakumeen Etxea abian jartzea, parte-hartzearen eta topaketarako gune izan dadin, izan ere, horrek berdintasunerako politika publikoen prestakuntzan eragina izateko aukera emango die, eta baita udal gobernuan beren oinarrizko premiak eta interes estrategikoak azaltzeko ere.

Beldur Barik, euskal gazteriari zuzendutako programa bat da indarkeria sexistari aurre egiteko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri ugariren artean batera egindako lanaren emaitza.

Berdintasunerako Barne Plana abian jartzea, erakundean berdintasuna bultzatzeko eta horretan aurrera egiteko eredu izan dadin.

 

Azkenik, babesa agertu nahi izan dio udalak sortu berri den “Bizirik” Bizirik iraun duten Emakumeen Elkarteari, indarkeria jasan duten edo jasaten duten emakumeei laguntza eta babesa emateko gunea eskaintzeko asmoarekin.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago