Memorial honek artea eta oroitzapena uztartuko ditu, 1976an kokatuta egongo den ibilbide batean barrena. Horrela, Zaramaga auzoa memorial interaktibo bihurtuko dela iragarri du elkarteak, garaia hartako kaleko giroa, azoka, lantegia edota taberna bat irudikatuko dituena. Horren guztiaren amaiera gisa San Frantzisko elizan ikus-entzunezko emanaldi bat egin behar zuten; bertan babestu baitziren biltzarrean baturik zeuden langileak. Izan ere, Gasteizko gotzaintzak ez die baimena eman San Frantzisko eliza erabiltzeko eta hori bera salatu du elkarteak prentsaurrekoan. Horrez gain, lankidetza eskatu dio gotzaintzari, aipatutako eliza “esanguratsua” delako hiriko historian eta “funtsezko gunea” martxoaren 3ko gertakarien oroimenerako.
Elkarteak azaldu duen moduan, San Frantzisko elizan egin beharreko ekintzak unean unekoak izango lirateke, gune jakin batera bisita gidatuak egingo diren egun eta orduetara mugatuta. “Eliza orain dela urte bete gurtza egiteko itxita dagoela kontuan hartuta, adostasunera iristea borondate kontua besterik ez da”, azaldu du Martxoak 3 elkarteak. Izatez, elizako apaizen oniritzia jaso zuten proiektuaren berri izan zutenean, baina hainbat alderdi tekniko zehazterakoan, eliza erabiltzeko ezezkoa jaso du elkarteak. Egoera honen aurrean, gotzaintzaren kolaborazioa eskatu du. Gotzaintzak, bere aldetik, San Frantzisko elizan Belenen museo bat jartzeko lanetan hasi da.
3M Memoriala 1976/2016
1976ko gertakarien 40. urteurrenean elkarteak prestatzen ari den 3M memorialak oroimenera bidaia egin nahi du eta artearen, ikus-entzunezkoen eta literaturaren bitartez, 1976ko martxoaren 3ko biktimen oroimena eta aitorpena bilatuko du. Juan Ibarrondo idazle gasteiztarra da auzotik egingo den bisita gidatuan parte-hartzaileek entzungo duten kontakizuna idatzi duena. Ibilbidea San Frantzisko elizan amaituko da, non Sandra Santos bideo artistaren ikus-entzunezko collagea ikusiko den.
Horrekin batera, Txaro Arrázola, Marta Gil, Verónica Werckmeister, Irantzu Lekue eta Sandra Santos artistek Zaramaga auzoko espazioa esku-hartze artistiko ezberdinak egingo dituzte. Bostak emakumeak izatea ez da kasualitatea. “1976ko martxoko borroka eta grebetan emakumeek izan zuten paperari garrantzia emateko aukeratu ditugu”, azaldu elkarteak. Esku-hartze artistiko hauetan teknika eta euskarri ezberdinak erabiliko dituzte.
Memoriala 2016 urtean martxan egongo da eta antolatzaileek ez dute baztertu epea luzatzeko ideia.