[BIDEOA] Jarduerez betetako Euskararen Astea aurkeztu dute udalak eta hainbat talde euskaltzalek

hirinet 2015ko aza. 23a, 01:00

Abenduaren 3an Euskararen eguna ospatuko da eta Gasteizko Udalak 2015eko Euskararen Asterako egitaraua aurkeztu du, gaur goizean, Oihaneder Euskararen Etxean.

Aurtengo egitaraua prestatzeko, Arabako Foru Aldundiaren eta hainbat talde euskaltzaleren laguntza izan du, besteak beste, GEU elkartea eta Arabako ALEA aldizkaria. Abenduaren 3an, desiren zuhaitza sortuko dute Arabako euskarazko aldizkariaren azalekin, Oihaneder Euskararen Etxean. Ondoren, eta bertatik abiatuta, kandelen ibilbidea antolatu du GEU elkarteak. Andra Mari Zuriaren plazan amaituko da, non kandelen mosaiko erraldoia egingo den, ‘Euskarak 356 egun’ leloa osatuz.

 

 

“Gasteiz bete euskara egunero” lema duen programa azaroaren 27an hasi eta abenduaren 4an amaituko da. Mintzodromoa, zirku ikuskizunak, filmak, kontzertuak eta lantegiak izango dira. Jarduerak ostiral honetan hasiko dira, hilaren 27an, eta mintzodromoa eta bertso-triki-poteoa izango da Zabalgana auzoan. Hilaren 27an eta 28an, gazteentzako “Gazte Gozatopa” ekitaldia izango da. Azaroaren 29an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Amalur” ikuskizuna izango da Buesa Arenan. Abenduaren 1ean, “Amama” filma eskainiko da doan Florida zinema-aretoan. Abenduaren 2an, mintzo-txiodromoa izango da Oihanederren eta lantegi bat unibertsitate pabiloian.

 

Abenduaren 3an, desiren zuhaitza eta kandelen ibilbidea

Abenduaren 3a, Euskararen eguna, ekitaldiz beteta egongo da: Euskararen ginkanaren finala Oihaneder Euskaren Etxean; Tantttakak “Muxua” antzezlana antzeztuko du Principal antzokian; kandelen ibilbidea egingo da, Oihaneder Euskararen Etxetik hasi eta Andre Maria Zuriaren plazan amaitu. Bertan, GEU elkartearen eskutik, mosaiko erraldoia osatuko da kandelekin, ‘Euskarak 365 egun’ leloa osatuz. Ondoren, “Zirk-zark” jaialdia egingo da Oihanederren. Halaber, euskaltzaleek beren eskariak zintzilikatu ahalko dituzte Oihaneder Euskararen Etxean, Arabako ALEA aldizkariak bere azal zaharrekin eraikiko duen desiren zuhaitzean. 

Abenduaren 4an, programari amaiera emateko, Lau Topet taldearen “Abesti bat gutxiago” ikuskizuna izango da Jimmy Jazzen. Lehenik, Harkaitz Canok eta Oier Aranzabalek prestatutako liburu-diskoa aurkeztuko dute eta ondoren kontzertua izango da.

Hauek dira programazioaren antolaketan parte hartu duten eragileak: Euskara 365 egun, Bai Euskarari Ziurtagiria, Geu Elkartea, Garaion NaturArtea, Amezti Txiki, Gasteizko Berritzegunea, Alea aldizkaria, Jimmy Jazz Gasteiz, Laboral Kutxa, Oihaneder Euskararen Etxea, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala.

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide