Udalak eta hiriko musulmanek bizikidetzaren aldeko eta indarkeriaren kontrako adierazpen bateratua landu dute

hirinet 2015ko aza. 23a, 01:00

Pasa den astean Gasteizko Afroamerikarren Elkarteak eta Ariznabarreko meskitak jasan dituzten erasoak gaitzetsi ditu alkateak.

 

Azaroaren 19an antolatutako bileran, Alkatetzako zuzendari nagusi Blanca Guinea, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzua, Udaltzaingoko burua, hiriko musulmanen taldeen plataforma eta bizikidetzaren alde diharduten beste elkarte batzuk bildu ziren. Bertaratuek adierazpen bateratua idaztea erabaki zuten, bizikidetzaren aldeko apustua eta indarkeria ororen kontrako arbuio irmoa adierazteko. Taldeekin adostu ondoren, gobernu-taldeak korporazioko gainerako kideei aurkeztu die testua, zeina gaur jendaurrean irakurri duten Udalak eta zerikusia duten pertsonek.

 

Bizikidetzaren aldeko manifestu honetan, Gasteizko Udalak, Musulman Elkarteen Plataformarekin eta Compartiendo Culturas eta Iniciativa Marroquí en Euskadi-Etorkinak elkarteekin batera, eraso terroristak erabat gaitzesten dituztela adierazi dute, baita indarkeria eta edozelako jarrera baztertzaile, xenofobo edo islamofoboak ere. Pariseko herritarrekiko, bereziki biktimen senide eta lagunekiko, zein indarkeriaren zentzugabekeria jasaten ari diren herriekin (Siria, Irak, Mali, ...) elkartasuna eta hurbiltasuna ere adierazi dute.

 

Konpromisoa hartu dute Gasteiz bakea eta bizikidetza oinarri dituen hiria izan dadin eta bertako hiritarrak edozein egoera eta erakoak errespetatuak izan daitezen lan egiteko. Gasteiztarrei ere dei egin diete erantzukizunez eta jarrera egokiz joka dezaten; hiriko kaleetako aniztasuna zaindu eta babestu dezaten, komunitate guztiei laguntza eman diezaieten bat bera ere baztertu gabe, eta Gasteiz hiri bateratu, kulturarteko eta inklusiboa izan dadin.

 

Azkenik, Udaleko Bizikidetza eta Aniztasun Plana osatzeko helburuarekin, herritarren partehartzea bultzatu nahi dute, bakean bizitzeko beharrari erantzuten dio bizikidetza modelo zehazteko helburuz, pertsonen jatorria, sinismenak, ideiak zein usteak edozein direla ere.

 

Irudia: Gasteizko Udala

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago