Udalak eta Kaleratzeak Stop-ek kaleratzeko arriskuan dauden familientzako erantzunak koordinatuko dituzte

hirinet 2015ko aza. 23a, 01:00

Kaleratzeak Stop plataformak udal talde politikoekin eta Gizarte Politiken Saileko teknikariekin bildu zen aurreko astean, Udalbatzak hainbat mozioren bidez onetsitako neurriak aurrera ateratzeko.

 

Alkateak jakinarazi duenaren arabera, Gasteizko Udalak kaleratzeko arriskuan dauden familientzako erantzunak koordinatzeko konpromisoa hartu du eta zenbait neurri hartuko ditu: besteak beste, Udalak solaskide bat izendatuko du Kaleratzeak Stop  plataformarekin eta beste administrazio publiko batzuekin –Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza-Alokabide- koordinatzeko, bai eta oinarrizko gizarte zerbitzuekin ere.

 

Gainera, Gizarte Politiken Sailak hainbat alorri buruzko informazioa bidaliko dio Kaleratzeak Stop plataformari: udalak ematen dituen laguntzak, baliabide ekonomiko bereziak eta araudia, kaleratze kasuen aurrean erabiltzeko jarduera-protokoloa, eta auzoko gizarte zerbitzuetara iritsi ondoren pertsona batek jarraitzen dituen ibilbideak.

 

Orobat, Udalak diptiko bat lantzea aztertuko du, Udalean bertan edo Lanbiden banatzearren, zeinetan oinarrizko gizarte zerbitzuek dituzten baliabide eta ibilbideen berri emango baita. Bestetik, Udalak ostatu emateko baliabideei buruzko txosten bat bidaliko dio Kaleratzeak Stop Desahucios plataformari.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago