Gasteizek genero indarkeriaren biktimeei arreta integrala emateko bulego berria izango du

hirinet 2015ko aza. 23a, 01:00

Aste honetan genero indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta integrala eta diziplina anitzekoa emateko Onartuz zerbitzuaren bulego berria irekiko da Gasteizen.

 

Emakume horiei eta seme-alabei harrera eta laguntza eskainiko zaizkie, beren egoeraz ohartu eta erabakiak hartzerik izan dezaten. Gizarte zerbitzuen funtzionamendu-protokolo berria eta biktimei laguntza intentsiboa emango dion talde berezia sortu dira horretarako.

 

“Onartuz” zerbitzuak hobekuntza nabarmena ekarriko du indarkeria kasuak antzeman eta loturak hausteko eta indarberritzeko prozesuetan laguntzeko garaian. Programa horri esker, gizarte zerbitzuek tresna hobeak izango dituzte genero indarkeriarekin lotutako egoerak identifikatzeko, eta berariazko taldea izango dute tratu txarretatik urrun bizitza berria hasi nahi duten emakumeei laguntzeko.

 

Bestalde, zerbitzuak bost fasetan banatutako harrera eta laguntza prozesu integrala eskainiko du ere. Bost faseak hauek dira: genero-indarkeriarekin lotutako egoerak antzematea; diagnostikoa, emakumea biktima gisa eta erasotzailearekiko harremana hausteko borondatea identifikatzeko; haustura ebolutiboa lantzea; loturak hausteko sostengua eta bizimodu autonomorako trantsizioa, eta jarraipena.

 

Udalak, Gizarte Zerbitzuen, Berdintasunerako Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren bitartez, hainbat erantzun ematen ditu: bikotearen arteko haustura egoeretarako harrera baliabideak, laguntza psikologikoa, orientabide juridikoa eta familia guztia babesteko neurriak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago