Bizirik elkartearen aurkezpena egin zen atzo Gasteizen

hirinet 2015ko aza. 19a, 01:00

Elkarteak indarkeria matxista jasan duten emakumeak biltzen ditu.

 

Inoiz indarkeria matxistaren biktima izan eta bizirik atera diren emakumeek –gaur egun egoera hartatik aldenduek- osatzen dute elkartea, eta indarkeria matxistaren biktima diren edo izan direnei lagundu nahi diete. Helburu horrekin, eta jakinik arreta banaka eman zaien zenbait emakumek elkarteko kide izan nahiko luketela, bertan indarkeria-egoeratik ihes egiteko beste emakume batzuekin batera lane gin ahal izateko, eta esku-hartze prozesuaren hobekuntzarako beren ekarpena egiteko, hainbat bilera jarri ziren martxan duela urtebete. 22 bileratan, Maite Monroy fisioterapeuta eta emakumeen kontrako indarkerian adituak eta Udaltzaingoko eta Berdintasun Zerbitzuko teknikariek osatutako talde bultzatzaileak eta hainbat emakumek elkarrekin gogoeta egin ahal izan dute.

 

Elkartearen logoa, tximeleta lila bat, metafora baten ikurra da, azaldu zutenez. Aspalditik hegoak elkarri itsatsita, harrapatuta, loturatik askatu ezinik dagoen tximeleta bat, zeinek, azkenik, indarrak bildu, lotura hautsi, hegoak zabaldu eta, aske, hegan egitea lortzen baitu. “Ez dago profil jakin bat indarkeria jasan duten edo jasaten ari diren emakumeen artean; edozein izan gaitezke biktima. Era guztietako emakumeak, lan egiten duten emakumeak, lanik gabe daudenak, gazteak eta hain gazte ez direnak...”, azaldu du Berdintasunerako zinegotzi Jaione Agirrek.

 

Irudia: Gasteizko Udala

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago