Joan den Araba Euskaraz amaitu eta berehala ekin zioten hurrengo urteko ikastolen jai handia prestatzeari. Ekainaren 19an ospatuko dute 2016koa, Agurainen, Lautada ikastolaren eskutik. Geroari begira lelo, etorkizuneko bidea "marrazteko" pausoak ematen hasi nahi dutela azaldu du jaialdiaren koordinatzaile Anjel Olaldek.
2010ean egin bezala, berriz izango da lautada ikastola antolatzailea.
Orduan sortu zen ikastola eta Gogoz biziz lemapean abiatu zen 2010eko Araba Euskaraz hartan. Orain, berriz, zer lortu nahi dugun erabakitzeko momentua heldu da; atzera begira beharrean aurrera begiratu nahi dugu eta hortik sortu da aurtengo Geroari begira goiburua. Sustraiak non ditugun jakinda, aurrerantzean zer lortu nahi dugun zehazteko garaia dela uste dugu. Bide horretan denok partaide gara eta izatea nahi dugu, ez bakarrik ikastola. Hau euskalduntze prozesuan beste pauso bat da eta denon ekarpena behar beharrezkoa izango da.
Datorren urterako ekarpenak jasotzen ari al zarete?
Ekainetik lanean murgilduta gaude, eta hainbat ekarpen jaso ditugu ikasleen zein beste eragileen aldetik, musika osatzeko edo egunerako ekitaldi desberdinak egiteko. Ibilbidea zein izango den ere zehaztu dugu, baina oraindik findu egin behar dira gauza ugari. Jasotako proposamen guztiei forma ematea falta zaigu orain.
Urtez urte, lantalde finko bat duzue jaialdia prestatzeko?
Ez dago talde finkorik, aldatu egiten da, eta batzuetan abantaila den arren beste batzuetan ere kontrakoa izan daiteke. Urtero asmo berriak sortzen dira eta hasieran martxan jartzea zaila izaten da, baina egia da bizitasuna ematen diotela horiek proiektuari eta hori aprobetxatu behar dugu; herritik bertatik sortutako proposamenak izanik, herriak berak hartzen du protagonismoa eta horrek indartu egiten du Araba Euskaraz. Era berean, urtez urte, aurreko lantaldeek egindako memoria txostena jasotzen dugu, aurrera begira lanean hasteko abia puntu bat izateko; egindakoek nola funtzionatu duten ikusi eta egin behar ez direnak kontuan hartzeko.
Zer nobedade izango dira aurtengo jaialdian?
Araba Euskarazek berrikuntzak behar ditu eta horretan ari gara. Azken urteetan Erronka izeneko proba lehiaketa izan da gazteentzat eta hurrengo urtean, helduak erakartzeko helburuarekin, Erronka gastronomiko bat prestatzen ari gara, hain zuzen ere gurasoek parte har dezaten. Euskalduntze prozesuan helduok dugun zeregina azpimarratu behar dugu eta dakigun guztia erabili behar dugula gogoratu. Horregatik, hain zuzen, helduen euskalduntzean urteetan egindako lanagatik Aguraingo AEK euskaltegia omendu nahi dugu. Helduon erabilera bultzatu gabe alferrik ari gara.
Zer behar ditu lautada ikastolak? Zertara bideratuko da 2016an bildutakoa? Batetik, barne kohesioa bultzatu nahi dugu eta ikastola herrian ondo txertatuta izateari garrantzia berezia eman nahi diogu. Bestetik, eraikinak duen zama ekonomikoa arintzeko baliagarria izango da bildutakoa. Eraikina erosi zen, eta orain herritarren zerbitzura jartzea da helburua.
Bete ziren aurreko jaialdian aurreikuspenak?
Gasteizen jaialdia egiteak –Oiongo San Bizente ikastolak antolatu zuen– gauza onak izan zituen, besteak beste, Arabako Errioxako egoera ezagutzera emateko. Baina, era berean, Oiongo inplikazioa herrian bertan eginda baino txikiagoa izan zela ikusi genuen; alde horretatik pixka bat kezkatuta gaude, agian aukera bat galdu genuelako. Zalantza dugu baliagarria izan ote zen Oionentzat.
Egileak: M. Ugarte / I. Iciar / A. Amenabar