Josebe Iturrioz: "Emakumea esentzian ez da existitzen: fikzio politikoa da"

Itsaso Estarrona / Jon Altza 2015ko aza. 19a, 01:00

Ekintzaile transfeminista. "Sexuak ez dira existitzen; gure gizartearen kategoriak dira". Transfeminismoaren begirada ekarri zuen asteartean Gasteizera Josebe Iturrioz ekintzaileak (Ordizia, 1978).

Beti gaiztoekin" egongo da Josebe Iturrioz. "Gure gizartearen egiturak zalantzan jartzeagatik" egokitu zaio patu hori. ALEA aldizkaria eta Hala Bedi Bi euskarazko irratiko kazeta-riek gidatuta, SolasALEAn elkarrizketa irekian parte hartu zuen Medeak kolektibo transfeministako aktibistak asteartean, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean.

Izotza apurtzeko, bibote bat ekarri dizugu. gainera, Gasteizen jarritako zure kartel batzuetan bizarra margotuta agertu zara. Aitortu beharrekoa aitortu...

Ni izan naiz, bai...! Imajinatu zer den bilera batera etortzea eta taberna guztietan zure aurpegia ikustea. Kartel batzuetan bizarra margotu diot nire argazkiari: askotan nire buruari egiten diodan zerbait da.

Bibote horrekin lotuta, esaldi bat iraku-rriko dizugu, Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak testu-bildumatik: "Ulertu dugu emakumeak gizon izan gaitezkeela, eta berriro emakume izatera itzuli, eta bidebatez bidean galdu"...

Halako batean, feminismoaren estrategia bat hauxe esatea izan zen: sexuak ez dira existitzen. Ez dira esentzia bat, baizik eta gure gizarteak sortutako kategoriak. Hori demostratzeko, Medeak taldearen praktika politikoetan trabestismoa erabiltzen genuen. Gaur egun, gure lagunei haien umea zer den galdetzen dietenean, hauxe erantzuten dute: oraindik ez dakigu, berak aukeratuko du.


Anatomiak, beraz, ez du zehazten nor den emakume eta nor gizon? Horretan datza, lerro nagusietan, transfeminismoa?

Ideia sakonagoa da: modernitateak sortu dituen egia horiek zalantzan jartzen ditugu transfeminismotik, eta egia horietako bat natura eta kulturaren arteko banaketa da. Bi-biak, natura eta kultura, batera ematen dira gorputz batean, eta gaur egun, gure gizartean, ezinezkoa da banatzea zer den kulturala eta zer den naturala, elkar elikatzen direlako. Beraz, transfeminismotik, zalantzan jarri genuen feminismoak betidanik erabili duen identitate hori: emakumea bera. Oso gogorra izan zen feminismoan urteak zeramatzaten emakume askorentzat. Guk ez dugu "emakumearen liberazioa" bezalako esaldirik erabiltzen. Zergatik? Uste dugulako esentzia hori, emakumearena, ez dela naturalki existitzen. Emakumea fikzio bat da, kontzeptu politiko bat, oprimitua dagoena, botere-harreman batzuen baitan. Hor dago transfeminismoaren ekarpena, nortasunari zuzen-zuzen eragiten diona. Oraindik ere, eztabaida sutsuak eta sakonak izaten jarraitzen dugu.

Mugimendu feminista klasikoak emakumea jartzen du bere aldarrikapenen ardatz gisa, eta transfeminismoak, aldiz, gorputza eta, horren bitartez, aniztasuna. Zein da aldea?

Transfeminismotik esaten dugu heteropatriarkatuak gorputz ez-normatiboak jipoitzen, mespretxatzen eta oprimitzen dituela, eta ez gara bakarrik emakumeez ari, baizik eta arau horretatik kanpo dauden beste hainbat gorputzez ere. Gorputza erdigunean jartzeari esker, hainbat mugimenduekin aliantzak ahalbideratu dira: aniztasun funtzionala edo arrazakeriaren kontrako mugimenduekin, antikapitalistekin, marikabollerekin, transekin, putekin... Bestalde, badaude zakila duten emakumeak, alua duten gizonak... Gure helburua kategoria identitario finkoekin apurtzea da.

Gasteizko jaietan polemika handia piztu zen, mugimendu feministak blusen eta nesken paseoa moztu zuelako. Kontuan izanda Medeak taldetik biolentziaren erabilera sinbolikoa defendatzen duzuela, zer irakurketa egin duzue?

Flipantea da, flipantea, erasotzaileei aurre egiten diegunean feministok gure burua justifikatzen ikusi behar izatea. Blusek eta neskek eraso matxisten aurkako protokolo bat sinatu zuten: jakina, haientzat emakume bat erailtzea edo bortxatzea da eraso bat; aldiz, lau-bost lagunen artean kutxazain batean neska bat izutzea eta kriston astakeriak botatzea, haientzat ez da ezer. Parrandak jarraitu behar du. Blusa batzuk emakume bat erasotu zuten, feminista batzuk protesta egin zuten... eta, gainera, protesta egin zuten nesken gainean erori da salaketa. Matxismoak kriston tresnak ditu. Gutxi balitz, gertaera horren ondorioak jasaten jarraitzen dugu: Zuriñe Rodriguez gasteiztarrak horren inguruko artikulu bat argitaratu berri du, eta blusa eta nesken presidenteak, tetatinen tipoak, salaketa jartzeko mehatxua egin dio. Beldurra izan behar al dugu artikulu bat idazteko? Guk esaten dugu: beldurra lekuz aldatuko dugu. Zer nahi dugu, gizon guztiak beldurrez bizitzea? Ez: nahi dudana da erasotzaileak beldurra izatea. Neska bat erasotu nahi duenean, pentsatzea: agian neska honek autodefentsa daki, estrategiak ditu, ez du beldurrik, katana bat darama gainean, eta burua moztuko dit. Bada garaia. Aurten, laurogei emakume baino gehiago erail dituzte estatuan. Datu ofizialek hogeita hamar gutxiago zenbatu dituzte. Zergatik? Ez bada indarkeria heterozentratu bat, bikotearen inguruan ematen dena, ez dutelako kontatzen. Gogoratzen duzue Cuencako kasua? Neska bat bere lagun batekin joan zen mutil-lagun ohiaren etxera bere gauzak jasotzera, eta biak erahil zituen mutilak. Bada: neskaren laguna ez da erahilketa matxista bezala zenbatzen. Beraz... gu biolento deitzea kriston biolentzia da.

Twitterretik galdera bat jaso dugu: gizon bat feminista izan daiteke?


Galdera da: esklabuak dituen pertsona esklabu izan daiteke? Agian bai, egoerak buelta asko ematen ditu. Nik ez ditut karnetak banatzen: norbait feminista da, berarentzat feminismoa zerbait baldin bada eta berarentzat borroka hori garrantzitsua bada. Bere burua feministatzat izendatu nahi badu, zorionak. Nik gizonezkoak animatu ohi ditut: hasi esaten maritxuak zaretela; sexu anala asko gustatzen zaizuela; aldarrikatu feministok aldarrikatzen ditugun gauzak, eta orduan izango zarete feminista. Ume txikiekin gertatzen zait: batzuk feminista direla esan, eta feministak ez diren baieztapenak egin; nik esaten diet: nahi baduzu zure burua feminista bezala izendatu, enteratu zaitez feminismoa zer den. Oso militantzia gogorra da feminismoa. Zure buruarekiko kritika zorrotza egin behar duzu: ez da korronte eroso bat, ez da kanpora begiratzen duen zerbait, barrura begiratzen duena baizik. Etengabe boterea kritikatzen ari gara. Beraz, boterean eroso-eroso dagoen tipo bat, denbora guztian hetero-arauan mugitzen dena, feminista dela esaten badu, ba seguruenik gezurretan ari da. Orain arte feminismoa ez zegoen modan, eta inork ez zuen bere burua feminista izendatzen. Orain, dirudienez, batzuk pentsatzen dute guay dela, eta ez da guaya. Feminista zarenean, lehenengo gauza krisi bital izugarria izaten da: zer naiz ni? Zer egiten dut nire generoarekin? Nolakoak dira nire harremanak? Betaurreko moreak jartzen dituzu, eta leku guztietan patriarkatua ikusten hasten zara. Hori ez da erosoa.

Euskara eta feminismoaren arteko lotura nolakoa da gaur egun?

Harreman zuzena duten bi opresioz ari gara, eta tamalez orain hasi da horien arteko lotura ematen: emakume feministak euskalgintzan sartu direnean. Ordura arte, euskarari ez zitzaion inporta. Askotan oso matxista iruditu zait euskal mundua: bertso-afari batera joan eta emakumezkorik ez ikustea... niri hori ez zait interesatzen. Uste dut performatiboki ezin dudala jasan falozentrismoan oinarritutako botere irudi hori. Emakumeak euskalgintzak sartu direnean, niretzat oso erakargarri bihurtu da.

Publikoaren galdera bat: "'Feminazi'. Zer sentitzen duzu hori esaten dizutenean?"

Galdera hori Kattalin Minerri egin zioten, eta bere argudioa erabiliko dut: feminaziak ez dira existitzen. Gure kontra egiteko irain bat da eta, zentzu horretan, interesatzen zait: feminazi deitzen didaten bakoitzean, nik ez dut justifikatuko bagaudela onak garen feminista batzuk, eta gaiztoak diren beste batzuk. Ni beti gaiztoekin egongo naiz, gaizto izatea tokatu zaidalako betidanik, kanpotik datorren kategorizazioagatik, egiturak zalantzak jartzeagatik. Zenbat gizon erahiltzen dituzte feminaziek urtero? Zenbat gizon bortxatzen dituzte? Nortzuk dira? Gu izan beharko gara. Feminazia naiz eta harro nago, jakinda hori ez dela existitzen.

Heterosexualitatea existitzen da?

Gure gorputza arautzen duen erregimen politiko eta ekonomikoa da, gizartea bitan banatzen duena: gizonak eta emakumeak.

Eta non kokatzen da transgeneroa?

Ni naiz transgenero bat, ni naiz lesbiana bat: ez emakume ez gizon, erdibidean dagoen gorputz bat. Maskulinitatearekiko lotura bat dut nik, trabestismorako joera... Hormonak ez ditut hartuko seguraski, nire gorputza tekno-zientifikoki eraldatzea sistemaren esanahietan erortzeko arriskua dakarrela uste dudalako. Gizon edo emakume izateko beste modu bat asmatuko dut. Subjektu politiko bezala nire tradizio guztia emakumeekin lotzen dut, erresistentzia-subjektu bezala: sufragistak, Atenaseko asanbladetako emakumeak, Lesboseko Safos eta Zugarramurdiko sorginak dira nire genealogia, baina ez dut nire burua emakume bezala ikusten; feminitatean ez naiz eroso sentitzen. Nire lagunek marikoia naizela esatendidate. Erdibidean dagoen zerbait.

Publikotik galdera bat: noizko feminismo irakasgai bat eskoletan?


Eskola, gaur egun, desberdintasun sexualak sortzen dituen instituzio bat da eta, beraz, eskola bera berrantolatu behar genuke, ez asignatura bat eman. Irakasgai guztiak transbertsalki eraldatu beharko genituzke: literatura, historia... Nolanahi ere, nonbaitetik hasteko, eskoletan autodefentsa feminista eskainiko nuke: gaur egungo nesken edertasun eredua ahultasunean oinarritzen da, eta indarkeria erabiltzen irakatsi behar diegu. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide