Bizilagunak ekimenak, etxeko ateak zabalik

hirinet 2015ko aza. 19a, 01:00

Jatorri ezberdinetako Gasteizko hainbat familia elkartuko ditu Bizilagunak egitasmoak igandean, otordua elkarrekin egiteko; familiak ezagutu eta estereotipo eta aurreiritziak eraistea du helburu ekinaldiak.

 

Bakailao-nahaskia. Gonbidatu bereziak izango dituzte igandeko bazkarian Idoia Gomezek eta Delia Alonsok, eta otordurako zer prestatu ari dira erabakitzen. "Nazioarteko plater bat pentsatu dut hasieran, denon gustukoa, pasta agian, baina beharbada bertako tradizio handiagoko zerbait egin beharko dugu... bakailaoa, bai, hori da, bakailao-nahaskia", esan du sukaldari lanak egingo dituen Alonsok. Urduri daude, mahaiaren bueltan beste familia batekin elkartuko direlako, azken unerarte ezagutuko ez duten familia batekin. CEAR Euskadi elkartea eta Gasteiz Irekia ekinaldiaren eskutik, jatorri ezberdineko familiak elkartu, otordua egin eta elkar ezagutzeko aukera izango dute Bizilagunak egitasmoari esker, beste hainbat etxetan egingo duten moduan.

 

"Gasteizen kultura askotariko lagunak bizi gara, jatorri ezberdinetakoak; elkarren berri dugu, kalean topo egiten dugu, baina beharbada harreman intimoagoak izateko zailtasunak ditugu, eta horretara dator Bizilagunak egitasmoa: mugak gainditzera dator", azaldu du egitasmoko sustatzaile Beatriz Luzek. Espazio publikoetan elkarbizitza errazagoa izan daiteke, baina zailagoa izaten da etxeko ateak parez pare zabaltzea, eta hori egingo dute 30 familiak baino gehiagok Gasteizen igande honetan. Etxea edo aterpea jarri eta bazkaria prestatuko duten anfitrioiak izango dira, batetik, bertara joango diren gonbidatuak, bestetik, eta eurekin batera dinamizatzaile lanak egingo dituen lagun bat ere izango da. "Batez ere isiltasun momentu deseroso horietan lagundu eta bien arteko zubi lanak egiteko", gogoratu du Luzek.

 

Bazkarietan parte hartuko duten familiak ere askotarikoak dira. Idoia eta Deliaren antzera lagunak direnak, auzokideak, scout taldeak, anai-arrebak eta bestelako hamaika taldek ere parte hartuko dute. Aurretik denek galdetegi bat bete dute euren hizkuntzak, gustuak, kezkak eta beharrezkoak jakiteko: "Zer jan dezaketen jakiteko, etxeko animaliekin arazorik ote duten ezagutzeko... eta horren arabera elkartuko diren familiak osatzen joan gara", gogoratu du Luzek. Horiek cear-euskadi.org webgunearen bitartez edo 945- 26 68 05 telefonoaren bidez (Beatriz) egin daitezke.

 

Etengabe zabaltzen

Europa mailako egitasmoa da Bizi-lagunak, zazpi herrialdetan egin dute eta aurten, lehendabizikoz, Portugal eta Txekiar Errepublikan ere antolatu dute. Araban joan den urtean egin zuten aurrenekoz, fami- lia gutxi batzurekin, baina etenga- be hazten ari den ekinaldia dela gogoratu du Luzek: "Aurretik jarri zuten martxan Gipuzkoan eta dagoeneko 4.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute bazkariotan".

 

Hernanin ezagutu zuen egitasmoa Gomezek, lagun batzuei esker, eta ez zuen zalantzarik izan igandeko bazkarian anfitrioi izateko: "Familiak gerturatzea zen asmoa eta honen bitartez lortu egiten zela kontatu zidaten; esperientzia polita izan daiteke, gogoa daukat etxera etorriko den familia ezagutzeko". Gomezek Alonsori proposatu zion eta hark ere ez zuen zalantzarik izan bazkarian parte hartzeko: "Espazio publikoan oso diplomatikoak gara denak, baina jakinmina daukat etxe barruan nola egongo garen ikusteko, batak besteari nola bizi garen kontatzeko". Egunerokoan jatorri ezberdinetako lagunak ezagutzea harentzat "zaila" dela dio Alonsok, eta "gertuagoko" esperientzia aberatsa izan daitekeela uste du.

 

"Gerturatu". Hain zuzen, hori ahalbidetzeko gai bat izango dute mahai gainean Bizilagunak egitasmoan parte hartzen dutenek. Etxean lan egiten duten emakumeak izan zituzten hizpide joan den urtean, eta errefuxiatuen krisia izango dute aurten. "Kanpotik datozenak, edo beste kultura batekoak izan eta bertan bizi direnak ezagutzea da gakoa; aurreiritziak desegiteko beste aukerarik ez dago, gerturatu eta ezagutzea", nabarmendu du Gomezek.

 

Azken urtean, gainera, Gasteizko kulturen arteko harremanek "kolpea" jaso zutela gogoratu dute, herritarren artean arrakala sortu zuena, eta berriz ere "itxi" beharrekoa. Javier Maroto alkate ohiak esandakoak eta Gora Gasteiz mugimenduak erantzundakoak izan dituzte gogoan. "Gauza positibo moduan esan behar da, jendea inplikatu zela beste kultura batzuen alde eta kalera irten zela; oso polita iruditu zitzaidan", aipatu du Alonsok.

 

Momentu hunkigarria izan zen, Luzentzat ere, Gora Gasteizek eman zuen erantzuna: "Marotok beldurraren estrategia erabili zuen, uste dut erabil daitekeen estrategiarik zital eta zikinena, eta Gasteizek ezetz esan zuen, beldurrik ez zuela eta gainera herritarrak babestuko zituela". Herritarren mugimendua barrutik ezagutu zuen Luzek, eta lan asko egin behar izan zutela gogoratu du, besteak beste, prentsan agertu ziren hainbat datu eta zifra desmuntatzeko. Haren antzera, Gomezek ere parte hartu zuen Gora Gasteizen herritarren artean sortu zen "txinparta" itzaltzeko: "Atera behar ez zen txinparta atera zen herritarren artean alkatearen adierazpenekin, baina zorionez hori guztia Marotorekin batera joan zen".

 

Gertatutakoak gertatuta, herritarrek Gasteiz "anitza" nahi dutela aldarrikatzen jarraitzen duela uste du Alonsok eta bizitakoa "ikasgai bat" ere izan zela. "Bazirudien alde batean edo bestean jarri beharra zeneukala orduan, batzuekin edo bestekin; noski, ni pertsonekin nago, ez dago besterik".

 

Aurrera begira eraiki nahi duten Gasteiz "irekia" osatzeko pauso txiki bat izango da igandekoa. "Egitasmo txikia izan arren, ezagutzen ez ditugun pertsonak gonbidatu eta esperientzia bikain joan dela kontatu ahal izatea oso garrantzitsua dela uste dut", nabarmendu du Gomezek.

 

Igandeko 14:00etan egingo dute guztiek topaketa. Zubiak eraiki eta aurreiritziak desegiten hasteko "aukera aproposa" izan daitekeela berretsi du Luzek, eta oraindik animatu ez direnei azken orduan ere izena eman dezaketela gogoratu die: "Espazio pertsonalago horiek zabaltzeko momentua da".

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago