Naroa Cuesta, Igandeak Jai programako koordinatzailea: "Familientzat euskarazko plana antolatzen dugu igandeetan"

hirinet 2015ko aza. 19a, 01:00

Euskarazko ikuskizuna bakarrik ez: "Familia osoa euskaraz ondo pasatzeko ekimen parte hartzailea da Igandeak Jai programa", Naroa Cuesta koordinatzailearen hitzetan. Asteburu honetan Ibaiondon dute hitzordua.

 

Geu elkarteak 2013an abiatu zuenetik, 2.000 gasteiztarrek baino gehiagok hartu dute parte Igandeak Jai programan. Hilean behin igande arratsalde batean, Gasteizko eskola bat aukeratu eta bertan bi orduko saioa egiten dute: antzerkia, musika eta magia ikuskizunak eskaintzeaz gain, ikusle huts izatetik parte-hartzaile izatera gonbidatzen dituzte familiak, programako koordinatzaile Naroa Cuesta Nisok (Gasteiz, 1985) nabarmendu duenez: "Ume eta helduei bere aisialdian elkarrekin euskaraz aritzeko aukera eskaini nahi diegu".

 

Asteko edozein egun aukeratu zenezaketen, baina igandea aukeratu zenuten.

Bai. Batetik, igande arratsaldetan ez delako gauza askorik programatzen eta, bestetik, arratsaldeak oso luze egiten zaizkielako umeei etxean, eguraldia txarra denean. Arabako Aiara herriko proiektu batetik ekarri genuen ideia: Igande arratsaldeak familian programatik, hain zuzen. Gasteizen ere, familientzat euskarazko plana antolatzen dugu igandeetan.

 

Nola sortu zenuten Gasteizko ekimena?

Geu elkartearen baitan kultura taldea sortu genuen hainbat lagunek 2013an, aisialdiaren eremuan euskararen erabileran eragiten hasteko. Kultura talde horretako kideok sortu genuen egitasmoa. Batetik, taldea bera indartzeko amu gisa, eta bestetik, proiektuaren bidez familia transmisioa sustatzeko. Ekimenerako dirua lortzeko, lehiaketa batean parte hartu genuen, Topaguneak antolatuta (euskara elkarteen federazioak): euskararen ginkanan, hain zuzen. Txapelketaren saria hiru mila euro ziren, proiektua garatzeko.

Finalera iritsi arren, ez genuen irabazi, baina hala ere Igandeak Jai martxan jartzea erabaki genuen, Geu elkarteak bultzatuta, Gasteizko Udala eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Hasiera-hasieratik oso ondo funtzionatu duen ekimena da.

 

 

Nolakoa izaten da igande arratsaldeko plana?

Ekintza ibiltaria da: hilero bi orduko saio bat egiten dugu Gasteizko eskola batean: lehenengo ordubetean ikuskizun bat eskaini ohi dugu (magia, antzerkia, ipuin-kontalaria, musika...); eta, bigarren orduan, parte hartzeko ekintzak antolatzen ditugu (jolasak, mozorro tailerra, esperimentuak...), Urtxintxa Eskolak gidatuta.

 

Euskaraz ez dakiten gurasoek ere parte hartu dezakete, ala euskaldunentzako saioak dira?

Zalantzak eta eztabaidak izan genituen hasieran, jarduera hau guraso euskaldunentzat mugatu edo ez. Azkenean, ez mugatzea erabaki genuen, baina etortzen diren bikote, izeba-osaba zein aiton-amonek ulertu behar dute ekintza euskaraz dela eta azalpen guztiak euskaraz ematen ditugula. Emaitza onak eman ditu: oso polita izaten da umeak helduei jolasak azaltzen ikustea, itzultzaile lana egiten.

 

Familientzako jarduerak faltan sumatzen zenituzten lehen Gasteizen?

Gasteizko Udaletik eta beste eragile batzuetatik gauza asko antolatzen dituzte ume txikientzat, baina ez hainbeste familia osoarentzat: alegia, familiako kideek elkarrekin euskaraz parte hartzeko jarduerak. Bestalde, ikusteko emanaldiak izaten dira ohikoenak, jasotzeko, hain zuzen, eta guk parte-hartzea sustatu nahi dugu. Ez dugu ikuskizun bat eskaini nahi, haur eta gurasoen arteko hizkuntza-harremanaz kezkatu gabe: Igandeak Jai jardueran, ume eta helduei bere aisialdian elkarrekin euskaraz aritzeko aukera eskaini nahi diegu.

 

Eskola bakoitzean, bertako familiek parte hartzen dute, edo baita beste ikastetxe batzuetakoek ere?

Guraso elkarteekin batera antolatu ohi dugu Igandeak Jai eta, gutxi gora behera, %60 eskolakoa izaten da, eta beste %40 kanpokoa.

 

Familiek errepikatzen al dute?

Bai, baditugu dagoeneko guraso ibiltariak, saio gehienetara etortzen direnak. Normalean guraso euskaldunek errepikatzen dute.

 

Aurrera begira, zer erronka duzue?

Geu elkarteko kultura taldea indartu nahi dugu orain. Irakurleen artean norbaitek parte hartu nahi izango balu, gurera deitu dezake (945-22 21 53) edo posta elektroniko bat idatzi (geuelkartea@grn.es).

 

Egilea: Itsaso Estarrona

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago