Fitz Roy, Andeetako Goilautadak eta Broad Peak protagonistak Gazteiz Taldearen Mendiko Ikus-entzunezkoen jardunaldietan

hirinet 2015eko azaroaren 17a

Bihar eta ostirala bitartean, Mendiko Ikus-entzunezkoen Jardunaldiak izango dira Vital Kutxa Fundazioa Gelan. Hitzorduan alpinista eta kirolari nabarmen batzuek euren bizipenak azalduko dizkiete ikus-entzuleei.

Gazteiz Mendi Taldeak eta Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak antolatu dituzte eta saioak 20:00etan hasiko dira. Sarrera libre izango da, baina aldez aurretik gonbidapena jaso beharko da Mendiko Taldearen egoitzan.

 

Aurtengo edizioan ikus-entzuleek urrutiko inguruetara bidaiatzeko aukera izango dute  Adolfo Madinabeitia, Ricardo Manovel, Juanito Oiarzabal eta Alberto Zerainen eskutik. Bakoitzaren mintzaldiaren ondoren, beraien eta entzuleen arteko solasaldi elkarrizketa egongo da.

 

Hasierako jardunaldiko protagonista Adolfo Madinabeitia izango da, ‘A vueltas por el Fitz Roy’ (Fitz Roytik bueltaka) hitzaldiarekin, non Madinabeitiak berak aurtengo urtearen hasieran Argentinako Patagoniara egindako espedizioa hizpide izango duen.

 

Bigarren egunean Ricardo Manovelen txanda izango da. ‘Altiplanos Andinos’ (Andeetako goilautadak) hitzaldian kontatuko du nola 2014ko azaroan etxetik atera zen Hego Amerikarantz, Andeetako mendi-pasabideen bila. Ez zitzaion axola zenbat kilometro egingo zuen; lurralde haiek eskaintzen zizkioten toki zabal eta handien bila zihoan eta naturarekin ahalik eta itsatsien bizitzen saiatzera. Hiru hilean Txile eta Argentinaren iparraldearen zati batean gaindi ibili zen, Bolivia zeharkatu eta Cuzko Peru hirian bukatu zuen.

 

Eta hilaren 20an, ostiralaean, Juanito Oiarzabal eta Alberto Zerain izango dira protagonistak, ‘Broad Peak, la montaña esquiva’ (Broad Peak mendi muzina) emanaldiarekin. Proiekzio horrek aurten egin duten igoera-saialdian bizi izandako esperientzia izango du mintzagai. Girora egokitzeko aldia bukatu ondoren, goi mendietako elurteek oso zail eta arriskutsu utzi zuten igoera. Biak, hiru txiletarrekin batera, gailurrari uztailaren 23ko gauean ekitea erabaki zuten.  Elurtzan bidea egiteko ahaleginean borroka neketsuan ibili ondoren, etsi egin zuten, gailurretik 200 bat metrora, ertzari arratsaldez eta berorik handiena egiten zuela ekitearen arriskuagatik.

 

Gonbidapenak aldez aurretik eskatu behar dira

Saioak Vital Kutxa Fundazioa Gelan (Bakea 5, 1. solairua, Dendaraba) izango dira. Jardunaldietarako sarrera doan da, baina nahitaezkoa da gonbidapenak jasotzea Gazteiz Mendi Taldeko egoitzan (Pintore kalea 74), 19:00 eta 21:30 bitartean.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago