Udalak Aernnovako langileek datorren larunbatean egingo duten manifestaldian parte hartzera deitu du

hirinet 2015eko azaroaren 16a

Enpresak iraungitze EETa (enplegua erregulatzeko txostena) ezarri nahi du Berantevillako lantegian, 133 langile kalean utziz.

 

Horren aurrean, langileak mobilizazioak egiten hasiko dira asteazkenean,orduko etenarekin eta elkarretaratze batekin SEAren eraikinaren aurrean. Ostiralean beste bi etenaldi egongo dira eta auto ilarak egingo dituzte Berantevillatik eta Gasteiztik. Azaroaren 21erako, larunbaterako, manifestazioa deitu dute, 12.30ean Bilbo Plazatik atera eta Andre Zuriaren Plazan bukatuko dena.

 

Juan Carlos Gómez enpresa batzordeko bozeramaileak ziurtatu du mobilizazio gehiago egingo dituztela egoera ez bada aldatzen, “beharrezkoa den guztia eraso bortiz honi erantzuna emateko”.

 

Eusko Jaurlaritzari EET honen kontrako txostena zabaltzeko deia egin zaio. Erakundeari informazio guztia “ondo iker dezan” eskatzen zaio, enpresa batzordeak “iruzurra” delaren susmoa du eta. “Hitzetatik haraino joan eta zerbait egitea” ere eskatzen dute.

 

Gasteizko udala, langileen alde

Gorka Urtaran alkatea eta Ekonomiaren eta Udal Administrazioaren arloko koordinatzaile nagusi Itziar Gonzalo Aernnovako enpresa batzordeko hainbat kiderekin bildu ziren  atzo arratsaldean langileei beren elkartasun osoa erakusteko. Alkateak, gainera, arriskuan dauden 133 lanpostuak defendatzeko erakunde adierazpen bat bultzatzera konprometitu da. Testu horretan, herritarrak datorren larunbatean Gasteizen egingo den manifestaldian parte hartzera deituko du.

 

“Onartezina da enpresak 133 langile kaleratzea, Airbus A-350aren ateak egiteko akordioa Gaztela-Mantxako gobernuarekin sinatzen duen bitartean. Enpresak gogoratu beharko luke euskal erakundeek berarekin egin duten apustua, baita inbertsio ekonomikoa ere. Erabaki hau etorkizunerako kolaborazioetara begira aurrekari arriskutsu bat da. Eta hori edozein erakundeek hartu beharko du kontutan aurrerantzean, bai Euskadi, Gaztela Mantxa edo beste edozein lekutakoak. Inork ezin du esan gaur Araban gertatzen ari dena ez dela bihar beste toki batean gertatuko”, esan zuen alkateak bilera bukatzean.

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago