Nawatera El Salvadorreko pipilek hitz egiten duten hizkuntza da, Mexikoko náhuatl-arekin erlazionatutakoa. Alan King (Lancashire, Ingalaterra, 1954) hizkuntzalaria, itzultzailea eta euskalaria, Londreseko Unibertsitatean linguistikan Doktorea da euskararen inguruan egindako tesiarengatik. Kalifornian hainbat urte eman zituen Euskal Herrira etorri aurretik. Ordutik bertan bizi da eta tarteka Katalunia, Gales eta El Salvadorren ere bizitzen egon da. Azken herrialdean nawatera berreskuratzearen aldeko mugimenduan egin zuen lan. Ikerkuntza lana itzultzaile lanekin uztartzen du hizkuntza gutxituen zale amorratuak.
El Salvadorreko Tzunhejekat kolektiboak nawatera-pipilaren berreskuratzean eragin eta hiztunak ikusaraztea du helburu. Kultur kudeaketaren bidez espazio lortzen dituzte entzunak izan nahi duten hiztunentzat. Paula López eta Werner Hernández kideek emango dute mugimenduaren berri.
Ostegunean, El tigre y el venado dokumentala
El tigre y el venado dokumentala El Salvadorreko kultura eta historiaren isla da eta tigrea eta oreinaren dantzaren tradizioa hurbiltzen du. Marcelino Galicia du protagonista, Tacubako indigenen ondorengoa, 1932ko sarraskitik bizirik irtetea lortu zuen agurea. Marcelinok txirula indigena (pito de carrizo) jotzen du, tigrea eta oreinaren dantzan jotzen den instrumentua.
Proiekzioaren ostean solasaldia egingo da Sergio Sibrian dokumentalaren zuzendariarekin. Hitz adina mintzo zikloak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaltzea eta aberastea du helburu, euskarak mapa linguistiko horretan duen tokitik abiatuta. Hilero hizkuntza gutxitu bat aurkezten du eta hizkuntzaren ezaugarriak, kokapena, egoera soziolinguistikoa eta berezitasunak hurbiltzeaz gain, hizkuntza horren hiztunekin ekintza desberdinak garatzen dira. Horrekin batera, hizkuntzarekin lotutako ekitaldi kulturala (kontzertua, proiekzioa…) ere egiten da.
Abenduan galesera izango da hizkuntza protagonista eta urtarriletik aurrera asturiera, tamazight-a, kurduera eta gaskoiera landuko dira.
Hitz Adina Mintzo, hizkuntza gutxituen zikloa: Nawatera
Noiz? Hitzaldia, azaroaren 18an, asteazkenean, 19.00etan (Alan King hizkuntzalaria, itzultzailea eta euskalaria & Tzunhejekat kolektiboko Paula López eta Werner Hernández.
Proiekzioa, azaroaren 19an, ostegunean, 19.00etan
Non? Oihaneder Euskararen Etxean
