[GUTUNA] Lagun Ezkutua

Kontsumismoa gaitzesten dugunok problema izaten dugu opariekin. Bada, Gabonetarako badago irtenbide polita: “Amigo Invisible” edo Lagun Ezkutu delakoa.

 

Oso erraza da egiten. Azaro partean familiako guztien izenak idazten dira papertxotan (jende gehiena elkartzen den afari batean, adibidez) eta gero bakoitzak papertxo bat ateratzen du zein tokatu zaion ikusteko. Norbaiti beraren izena tokatzen bazaio, berriro egin behar da (oso barregarria izaten da). Oparia egiteko diru kopuru maximoa zehazten da, 50€ adibidez.

 

Dirudiena baino abantaila gehiago ditu metodo honek: Zozketa garaiz eginez gero azken orduko erosketa traketsa saihesten da; Bakarra, baina guztiei bermatzen zaie oparia; Normalean egingo ez genion bati egitea tokatu ohi da eta horrek harremanak sendotzea dakar (bestela gertukoei egiten zaie lehenengo).

 

Etxeko txikientzat Olentzerok opari estra pare bat ekartzen du batzuetan, noski. Baina, edonola ere, nahiko festa bada haientzat gabon gaueko hamabiak jotzen dutenean opariak banan-banan hartu eta jabeari ematea, denen aurrean irekitzeko. Guztiak ireki ondoren, zer-nori-nork ikerketa jartzen da martxan.

 

Niri aurten tokatu zaidan pertsona ez nuen espero, ez dakit zer oparitu... Eskatuko diot laguntza bere gertuko norbaiti. Lagun Ezkuturik gabe gertatuko ez zen elkarrizketa izango dut.

 

Egilea: Mikel Gartzia

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide