Guztira, aurrekontuaren zenbatekoa 2.282,5 milioi eurokoa izango da, 2015eko luzapenak ekarri zuen zenbatekoa baino % 3 gehiago. Zenbateko horretatik, behin Estatuarekiko obligazioei erantzun ondoren eta Eusko Jaurlaritzari eta arabar toki erakundeei egin beharreko ekarpenak egin ondoren, Arabako Foru Aldundiak eskura izango duen aurrekontu baliagarria 438,2 milioi izango da, hau da, 2015ean baino % 3,04 gehiago.
Foru gobernuaren proposamenean, zorra 6,35 milioi haziko da, 2015 urteko 16,36 milioiak edo iragan agintaldiko lehenbiziko ekitaldiko 84,04 milioiak baino askoz gutxiago.
Diru-sarreren jatorriari dagokionez, alde batetik, tributu itunduetan 2.104,4 milioi euro bildu dira, hau da, 2015erako aurreikusitakoa baino % 4,6 gehiago. Beste alde batetik, 45,9 milioi euroko zorra hartu da, hau da, zifra garbia ematera, 6,4 milioi euro, aurreko ekitaldian baino 10 milioi gutxiago.
Euskara, 2015an baino % 35 gehiago
Partiden artean, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen aurrekontua nabarmentzen da: % 4,5 hazi da, harik eta 184,3 milioi eurotara iritsi arte, eta, horien artean, Mendekotasun Legea garatzeko 21 milioi euro bideratuko dira. Hor dago genero biolentziaren kontrako plana ere, milioi bat euro baino gehiagokoa, ia-ia aurreko ekitaldiko zuzkidura bikoiztuz (% 98,3). Gainera, garapenerako lankidetza politikak ere hor dira, 1, 1 milioi euro guztira, kudeaketa propioko aurrekontua % 0,7 gaindituz. Era berean, Euskararen Plan Estrategikoa ere aipatu behar da: 1,3 milioi euro izendatu nahi dira hura garatzeko, 2015 ekitaldian baino % 35 gehiago.
Aurkeztutako aurrekontu proiektuaren bigarren lehentasuna da ekonomiaren eta enpleguaren suspertzea eragitea: ardatz estrategiko honetarako, gobernuak, 18,2 milioi euro bideratu ditu. Ekintzailetzari laguntzeko 1,1 milioi euro; berrikuntzarako eta lehia hobetzeko, 2,9 milioi euro; industria lurzoru eta azpiegituretarako, 6,5 milioi euro; eta Arasur-Jundiz-Foronda ardatza sustatzeko, 3,1 milioi euro.
Horrez gain, toki erakundeentzako baldintzarik gabeko finantzaketaren aurrekontua, TEFF delakoa, hazi da, zeina 198,0 milioi euroko zenbatekora iritsi baita eta Obra eta Zerbitzuen Foru Plana 17,0 milioi eurora iritsi da (% 14,8 hazi da). Suteak prebenitu eta itzaltzeko zerbitzuarentzat 8,8 milioi euro izendatuko dira; nekazaritzako azpiegituren finantzaketa, 4,3 milioi euro; eta bide azpiegiturak, 24,5 milioi euro.
Argazkia: Aitor Alvarez