Familia kalteberei elektrizitate edo gas hornidura etetea ekiditeko hitzarmena sinatu dute udalak eta Iberdrolak

hirinet 2015ko aza. 13a, 01:00

Gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarrak berretsi ondoren, familia kalteberei elektrizitate edo gas hornidura etetea ekiditeko hitzarmena sinatu dute Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Iberdrolako Salmenta zuzendari Eduardo Insunzak. Horrela, hornikuntza eteten bada berehala berriz ematea aurreikusi da, Udalak pertsona horri gizarte-prestazioa emango baitio.

 

Hitzarmena Gasteizko udalerrian erroldatuta dauden Iberdrolaren bezeroei zuzenduta dago; erabiltzaileek eskatu eta balioespen teknikoa egin ondoren objektiboki ahuldade ekonomiko larrian daudela egiaztatu delarik, Udalaren laguntza ekonomikoa jaso dezakete.

Udalak, gizarte zerbitzuen bidez eta beste bide batzuez, horrelako kasuren bat antzematen duenean, alegia, ahuldade egoeran daudelarik elektrizitate eta/edo gas fakturak ordaintzeko zailtasun handiak dituzten pertsonak edo familiak antzematen dituenean, balioespen teknikoa egingo  du, elektrizitate edo/eta gas hornikuntzari dagokion zorra ordaintzeko prestazio ekonomikoaren onuradun izan daitezkeen zehazteko.

Hala bada, eta laguntzaren onuradun posibleak aurretik baimena emanda, Udalak Iberdrolari jakinaraziko dio. Jakinarazten diren horietaz gain ordaindu gabeko beste faktura batzuk egonez gero, Iberdrolak jakinaren gainean jarriko du Udala, bidezkoa bada, prestazio ekonomikoaren barruan sar ditzan.

Iberdrolak hitz ematen du energia hornikuntza mantenduko duela Udalaren jakinarazpena jasotzen duen unetik, zeinean baieztatuko baitu zor diren fakturak edo horien zati bat ordaintzeko erabiliko den laguntza jasotzeko baldintzak betetzen diren ala ez zehazteko dosierra abiarazi dela, edo, jakinarazpena jaso aurretik hornidura dagoeneko eten badu, berehala eskatuko diola dagokion banatzaileari hornidura berriz emateko; oro har, jakinarazpena jaso ondorengo hogeita lau orduetan bete daiteke hori.

Hiru hilabeteko epea igarotzen delarik zenbateko osoa ordainduko ez balitz, Iberdrolak hornikuntza eteteari ekingo lioke berriro, eta ez-betetzetzat joko da, zortzigarren klausulan ezarritakoaren ondorioetarako.

Bestetik, Iberdrolak hitz ematen du onuradunei banakako aholkularitza eskainiko diela elektrizitate eta gas kontratuak optimizatzeko aukera ezberdinez eta energia-eraginkortasunerako proposamenez, eta bonu sozialari buruzko informazioa emango diela. Iberdrolak telefono bat (900 100 752 ) jarri du, hitzarmenean jasotako neurriei buruzko aholkularitza pertsonalizatua eskaintzeko.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago