Azken hilabeteotan pil-pilean dagoen eztabaida da Arabako Errioxako ardoek Errioxa Jatorrizko Deituran jarraitzearena edo ez. Eta horren bueltan, Jatorrizko deitura, Identitatea eta Bereiztea izeneko kongresua egin zuten pasa den larunbatean, Guardian.
Gaia sakon aztertu zuten mahastietan goizetik iluntzera arte lan egiten dutenek, adituek eta baita ordezkari politikoek; esaterako, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak hartu zuen parte Arabako Mahastien Adiskideak elkarteak antolatutako biltzarrean. Eztabaida luze joan zen eta amaitu aurretik, hainbat ondorio ere atera zituzten Samaniego jauregian batu zirenek; guztien artean, garrantzitsuena: Arabako Errioxako saldek jatorrizko deitura berezkoa behar dute, eskualdetik bertatik kudeatuko dena.
Arabako Mahastien Adiskideak (AMA) elkarteko presidente Juan Carlos Lopez de Lacalle ere aipatutako kongresuan izan zen. Bera ere bat dator ondorio horrekin. Ez dago ados Errioxako Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak jarraitzen duen "negozio modeloarekin". Horren harira, honakoa azpimarratu nahi izan du: "Gu ez goaz inoren kontra; gure alde baino ez dugu egiten. Errioxako Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak bere enpresa estrategia du, eta guk onartu egiten dugu. Baina, guk beste eredu bat nahi dugu".
"Negozio txikien" alde
Eta nolakoa da Arabako Errioxan nahi duten eredu hori? Argi dauka Guardiako Artadi upeltegiko ugazabak. Haren ustez, Errioxako Kontseilu Arautzaileak "globalizazio proiektua" du helburu, eta Arabako Errioxan, berriz, asko dira familia negozio txikien alde daudenak. "Hain justu ere, betiko uzta-biltzailearen alde. Ezin dugu lurraldearen, paisaiaren edo kalitatearen boterea galdu. Ilusioz eta autoestimuz egin behar dugu lan, errentagarritasuna alde batera utziz. Merkatuak azken horretara eramaten bagaitu ere, guk mahatsondo-enborrak errotu behar ditugu; hurrengo belaunaldiei ilusio hori helarazi behar diegu, joan ez daitezen. Eta hori lortzeko ezinbestekoa da Arabako Errioxak berezko jatorrizko deitura izatea". AMAko presidenteren arabera, Errioxa eta Arabako Errioxa "guztiz ezberdinak" dira; "ez dute zerikusirik". Lehenengoak bere eredua "produktibitate eta errentagarritasuna” oinarri dituen bitartean, Arabako Errioxako upeltegi asko "identitatearen eta bereiztearen" alde daudela azpimarratu du Guardiakoak.
13.000 hektarea inguru
Horrekin batera, gogorarazi du eskualdeak orografia "konplikatua eta zaila" duela, eta errentagarritasuna lortze aldera, ez dutela tokirik mahasti gehiago jartzeko, Errioxako Kontseilu Arautzaileak nahi duen bezala. Horren harira, honakoa azpimarratu du: "Arabako Errioxak 13.000 mahasti hektarea inguru ditu; denera, 65.000 bat ditu. Eta Errioxak beste 100.000 jartzeko ahalmena du. Guk, ordea, ez. Hortaz, daukagunari balore erantsia eman behar diogu; identitatean eta bereiztean bilatu behar dugu hori. Eta horretarako, ezinbestekoa da autogestioa".
Arabako Errioxako upeltegien iritzi orokorraz galdetuta, AMAko presidenteak azaldu du berezko jatorrizko deituraren aldeko asko daudela; upeltegi txikiak dira horiek. Gaineratu du "beste negozio modeloaren" aldekoak ere badaudela, eta horiek ere "errespetatu" behar direla. Eta, hain justu, enoturismoari buruz, egunotan, Logroñon egin duten topaketa batean, Arabako Errioxako upeltegien iritzi orokorraz galdetuta, AMAko presidenteak azaldu du berezko jatorrizko deituraren aldeko asko iragarri du lehenik AMA elkartea indartuko dutela; pasa den apirilean egin zuten horren aurkezpena. Horrekin lotuta, urtea amaitu aurretik, batzarra egingo dute zuzendaritza batzorde zabalagoa lortzeko. Jarraian, "aldaketaren alde" lan egiten jarraituko dute. "Badakigu zer den nahi duguna, baina bidea bilatu behar dugu. Argi daukaguna da aldaketa oinarritik etorri behar dela. Prozesu luzea da orain martxan jarri duguna". Berak, bere aldetik, aldaketaren aldeko "bere harri-koskorra" jarriko du; joan den urtean iragarri zuen bere upeltegiek Errioxako Jatorrizko Deituraren barnean egoteari utziko diotela abenduaren 31ean. Asmo horri tinko eusten diola jakinarazi du asteon.
Inkesta martxan
Artadikoa ez da eztabaida horren barruan sartuta dagoen bakarra. Arabako Errioxako Upeltegiko Elkartean (ABRA) ere mugimendua dago. Egunotan horren barruan dauden 149 enpresa artean galdetzen dabil ea Errioxako Jatorrizko Deituraren barruan jarraitu nahi duten ala ez. Modu horretan, sektoreak nahi duena eta dituen beharrak ezagutu nahi dituzte, izan ere, pil-pilean dagoen eztabaidak "eskualde osoko familia askoren interesei eragiten die". Ines Baigorri gerentearen esanetan, ikuspuntu ekonomikotik harago doa, belaunaldiz belaunaldi oinordetzan hartutako "bizimoduari" eragiten dio eta.
Eusko Legebiltzarrean izan zen pasa den astean Baigorri. Han eman zuen ekimen horren berri, eta honakoa nabarmendu zuen: "Enpresa eta ardo mota guztiak bereizi behar dira eta Errioxa den kapela azpian balorea eranstea". Bestelakorik ere esan zuen: "Elkarteak 25 urte daramatza lan egiten, eta urte guzti horietan, gaur egun horren babespean dauden negozio modelo guztiak ondo tratatuak izan daitezen, ondo islatua izan daitezen eta kontsumitzailearengana modu egokian heldu daitezen".
Gaiari buruz gutxitan hitz egiten du Baigorrik; zuhurra da eta nahiago du eztabaida etxe barrurako utzi. Pasa den larunbateko biltzarra aurkezteko urria amaieran egindako agerraldian, baina, auziaz egin zuen berba. Honakoa azpimarratu zuen orduan: "Arabako Errioxarekin erantzukizuna dugu, eta beldur gara ez ote gauden desagertzeko zorian beste negozio eredurik ezin badugu jarraitu. Kontua ez da gehiago saltzea, baizik eta hobeto saltzen saiatzea".
'Arabako Errioxa', botilen etiketan
Lehenago ere gaiaz mintzatu izan da elkartea. Ekainaren 4an argitaratutako ohar batean ohartarazi zuen ez zuela baztertzen Errioxako Jatorrizko Deitura uztea, Arabako Errioxako eta bertako negozioen etorkizuna ez bazen bermatzen. Errioxako Kontseilu Arautzaileak ABRA-k egindako eskaerari ezetza eman ostean heldu zen esandako oharra. Arabako ardoen jatorria bereizte aldera, botilen etiketan Arabako Errioxa jarri ahal izatea proposatu zuen eskaera horretan.
Aspalditik datorren ika-mika da jatorrizko deiturarena. Desadostasunak beti egon dira, baina, azken hilabeteotan asko izan dira Errioxako Kontseilu Arautzaileak jarraitzen duen bidearen kontra agertu direnak; tartean, euskal ordezkari politikoak. Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez, esaterako, Arabako Errioxako ardoak bereiztearen alde azaldu da behin baino gehiagotan. Dena dela, gogorarazi du administrazioari ez dagokiola erabakiak hartzea; "eragile inplikatuak dira mugitu behar direnak".
Administrazioaren papera
AMAko presidentea bat dator azken horrekin. Horren harira, honakoa esan du: "Legeria zerbait teknikoa da. Erabakiak hartu behar dira aurretik eta hori Arabako Errioxan bertan egin behar da; administrazioak zain ditugu. Kontua da badakigula nora joan nahi dugun, baina ez dakigu zein bide hartu". Denborak esango du auzia zertan geratzen den.
Egilea: Mirian Biteri. Arabako ALEA