Javier Garaizar, Arabako Campuseko errektoreordea: "Ikasleekin dugun 'muga' gainditzen saiatzen ari naiz"

hirinet 2015eko azaroaren 16a

Hurrengo hilabeteetan, udaberrira bitartean, Arabako EHUko campuseko Micaela Portilla eraikina antolatzea  izango du zeregin nagusietako bat Javier Garaizar (Algorta, Bizkaia, 1960) errektoreordeak. Gizarte eta giza zientzien arloko ikerketa zientifikoan ari direnei zerbitzua eskaini nahi diete ikergunearekin.

Udaberrirako prest izango da Micaela Portilla eraikin berria?

Dena prest dago eta bakarrik falta zaigu erabakitzea, deialdi baten bitartez, nortzuk joango diren bertara. Historia, arkeologia eta bestelako gaietarako ikergunea izango da, eta dagoeneko 15 bat talde daude bertara joateko moduan. Hiru solairuko espazio berria izango da, campus guztiarentzako aberasgarria.

 

Campusean hainbat gaietarako leku falta dagoela aipatu izan duzue behin baino gehiagotan.

Lau urteko unibertsitate planean zehaztu genuen zer eraikin egin behar genuen eta nola berrantolatu. Elurreta eraikina handitzea aurreikusten genuen, besteak beste, eta aurrekontu faltagatik bertan behera geratu zen proiektua; baina, zorionez, Micaela Portillarekin ondo konponduko dugu arazoa. 7.000 metro koadro berri izango ditu, eta nik uste izan dugun azpiegitura faltarekin amaituko dugula.

 

Bien bitartean, Lascaray zentroan kexatu dira ikerketarako aurrekontu nahikorik ez dutela.

Eta hala da. Baina ez bakarrik sail horretan, farmazian eta beste zenbait arlotan ere aurrekontua eskasa da. Ikerkuntza egiteko oso egoera latzean gaude, eta ikerlan talde baten lana eteten bada desagertzeko arriskua dago; ikasleak beste leku batera joan eta bertan behera geratzen da ikerkuntza. Ziur nago, zoritxarrez, azken aldian ikerketa proiekturen bat bidean geratu dela, aukeratu egin behar delako eta egoera onean daudenak mantendu. Hain zuzen, orain dela bi hilabete aurkeztu zuten Gobernu batzordean ikerkuntza plana eta argi eta garbi dago horretara bideratutako dirua beherantza doala...

 

Karreraren bat kolokan izan daiteke hurrengo urtean? Hainbat aldiz izan dira zalantzan letretakoak.

Orain dela sei urte berrantolaketa handi bat egin zen Letren fakultatean, hainbat ikasketa elkartu ziren eta gaur egun eskaintzen ditugunak oso osasuntsu daudela esan daiteke, are gehiago, gune indartsuenetako bat dela esan daiteke. Arazo bat dugu, aldiz, topografiarekin; oso ikasle gutxi dago gaur egun eta bertan behera uztea erabaki dugu. Hurrengo urtean ez da eskaintzarik egingo; horren ordez, beste ikasketa berriren bat izan daiteke. Gizarteak eskatzen duenera egokitzen joan behar dugu.

 

Ikasle berrien matrikulazio kopurua mantendu al da aurten?

Mantendu da baina gauzak aldatzen ari dira. Gero eta ikasle gehiago dago historia ikasten, esate baterako, eta momentu batean krisialdian egon ziren ikasketa horiek. Kontrakoa gertatzen da ingeniaritzan; gustuak eta beharrak aldatzen ari dira. Ia 8.000 ikasle daude gaur egun eta batez beste, aldaketak aldaketa, mantendu egin da kopurua.

 

Europako ikasketa sistemara egokitu al da guztiz EHU?

Bai, eta nik uste onurak ekarri dituela. Hainbat ikasketa luzatu egin dituzte eta horrek ahalbidetu du, esaterako, egonaldiak eta praktikak egitea; ia 800 ikasle egon dira guk antolatutako praktiketan campusetik kanpo eta portzentaje zati handi batek lana lortu du horien bitartez. Metodologiari dagokionez, bestalde, uste dut garai batean ikasleen jarrera nahiko pasiboa zela, apunteak hartu eta hori bera azterketan errepikatzea zen lana. Orain konplizitatea bilatzen da eta irakasleek zein ikasleek "gehiago" eman behar dute. Guk IKD dugu martxan, Ikaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa, ikasleek beren ikaskuntzaren jabe izatea lehenesten duena, eta prestakuntza integrala bultzatzen duena; horrek konpromiso gehiago eskatzen die ikasle zein irakasleei. Oso boloniazalea naiz.

 

Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen 3+2 erreforma zer iruditzen zaizu?

Orain hausnarketa prozesuan gaude eta ikusiko dugu zertan geratzen den, baina uste dut ez dela batere  ona sistema aldatzea urte bateko epean, alde batetik bestera ibiltzea. Orain duguna ez da ebaluatu, ez da bukatu, ez dakigu nola hartu duen gizarteak; goizegi iruditzen zait aldaketa hori emateko. Eta, bestalde, ez dut uste onurarik ekarriko duenik, hiru ikasturtera murrizten bada mugikortasuna galduko da, enpresa praktikak...

 

 

Nolako harremana duzu ikasle mugimenduekin?

Harreman ona, baina indartu behar dugu. Zertarako gaude hemen? Haiek dira gure arrazoi nagusia. Baina batzuetan, egia da etsaiak bezala ikusten gaituztela eta ez, gu irakasleak gara. Gaur jakin dut, esate baterako, preso saharar baten inguruko hitzaldia antolatu dutela eta kontxo! guk EHU Kulturaren bitartez ekitaldi bat egin genuen joan den astean Fronte Polisarioko arduradunetako batekin baina... ikaslerik ez. Alegia, ez garela ados jartzen. Saiatzen ari naiz ikasleekin dugun muga hori gainditzen baina zaila da, kosta egiten da.

 

Datorren astean, esaterako, hezkuntza alternatiben inguruko jardunaldiak antolatu ditu Jaikialdiak.

Bai, gaur jakin dut eta haiekin ari gara antolatzen behar dituzten espazioak. Zeozer antolatu nahi badute gu laguntzeko egongo gara baina gustatuko litzaidake haiekin gauzak lantzea eta ez izatea enteratzen azkena. Harreman hori lantzea gustatuko litzaidake; Ikasle Etxea izeneko egitasmoa ere haiekin jorratzea da asmoetako bat, eurek kudeatuko luketen espazio bat, baina nola eta zer egin erabakitzeko dago. Leioako campusean, adibidez, martxan dago eta ideia ona dela uste dut.

 

Gasteiz eta EHUren arteko "muga" gainditu al da? Unibertsitatea hirian eta lurraldean ondo txertatu dela uste duzu?

Hain zuzen, hori da nire lana, zubiak eraikitzea. Udalari, enpresei, herritarrei EHUko jakinduria eramatea da nire betebeharra. Hainbat aldiz aipatu da harreman hori eta egia da "muga" naturala trenbidea dela baina uste dut gainditu dugula hori.  Gero eta ekintza gehiago dago hiriburuan eta lurraldean EHUren eskutik; joan den asteburuan, esaterako, Bibat museoan izan ginen zientziaren inguruko astearekin eta ardoaren inguruko saio batekin Oihanederren. Katedralaren egitasmoan murgilduta gaude, Arabako Errioxako aurkikuntzetan...

 

Gasteizko autobus geltoki berriarekin kezka zegoen kanpotik etorritako zenbait ikasleren artean. Konpondu dira arazoak?

Zati bat konpondu da. Zorionez, La Union autobus enpresak eskaintzen duen zerbitzuarekin jarraitzen dugu eta unibertsitateraino heltzen dira autobusak. Bizkaitik datozen 2.000 lagunen arazoa behintzat konpondu dugu, baina Gipuzkoatik datozen beste 500 ikasle eta irakaslerena dugu konpontzeko oraindik; geltoki berria dela eta, berandu heltzen dira klaseetara edota ordubete gehiago behar dute heltzeko, eta hainbat kexa jaso ditugu. Gipuzkoako Aldundia eta Pesarekin akordio bera lortzea gustatuko litzaiguke; mahai gainean hainbat proposamen ditugu.

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago