Araban 50 saio inguru antolatu dituzte aurten, GEU elkarteak, Aiaraldea Komunikazio Leihoak eta Topaguneko teknikariek gidatuta, kasuan kasu. Trebiñun, Manuel Moreno (Ermua, 1965) Topaguneko Arabako sustatzaileak gidatuko du hurrengo saioa, asteartean.
Zer landu ohi duzue 'Zergatik ez' tailerretan?
Euskararen erabilera soziala areagotzeko tailerrak dira. Erabilera sozialaz ari garenean, eguneroko esparruez ari gara (familia, lagunak...), ez soilik eskolaz, erakundeez eta bestelako eremu formalez. Sentsibilizazioa eta motibazioa lantzen ditugu, munduan dagoen hizkuntz aniztasunetik abiatuta, apurka-apurka norbanakoaren errealitatera hurbilduz. Saiatzen gara irudikatzen aniztasuna ez dela mundu mailako fenomenoa soilik, baizik eta Araban, Euskal Herrian, eta gure inguru hurbilenean ematen dena. Elebakartasuna oso arraroa da. Hortik abiatuta, aniztasun hori modu orekatuan kudeatzeko proposamenak egiten ditugu. Zer da, guretzat, oreka? Euskarari bizirik jarraitzeko eta erabilera esparruak irabazteko aukera ematen dion kudeaketa. Gure galdera da: zergatik ez kokatu euskara Euskal Herrian dagoen aniztasunaren erdian, kohesio hizkuntza gisa? Araban oraindik errealitate horretatik urrun samar gaude, baina horra jo behar dugula uste dugu, aniztasuna mantentzeko eta inolako hizkuntzarik ez galtzeko, gainontzeko hizkuntzei aitortza eginez. Tailerrean ez ditugu baieztapen handiak ematen, gogoeta egiteko elementuak baizik –datuak, galdera irekiak...–.
Zer esparruko pertsonek parte hartu ohi dute tailerretan?
Tailerren hartzaileek zenbait ezaugarri bete ohi ditu: euskaldunak dira, bere euskalduntasunaren kontzientzia dute, euskararen egoeraren jabe dira eta bere eguneroko bizitzan erabilera esparruak irabazteko dituzte. Tailerrean, argudiategi propioa lantzeko elementuak eskaintzen ditugu: hizkuntzaren egoeraren ingurukoak, norberaren erabakien ondorioen ingurukoak. Gure hizkuntza portaerak aztertzen ditugu, eta nahi dugun eta egiten dugunaren arteko koherentzia edo koherentzia eza azaleratzen dugu, gogoeta egiteko.
Nori begira egiten dituzue tailerrak?
Xede-talde zehatzei begira, orokorrean: seme-alabak eredu euskaldunetan matrikulatu dituzten gurasoak, begiraleak eta entrenatzaileak, mintzalagun taldetan parte hartzen duten lagunak, DBH eta batxilergoko ikasleak, erakunde bateko langileak, merkatariak... Normalean, aurretik lotuta edukitzen dugu hartzaile taldea.
Aurten, gazteei eman nahi izan diezue lehentasuna. Zer dela eta?
Aldundiaren proposamena izan zen, eta ondo iruditu zitzaigun, lehentasunezko xede-taldeetako bat da. Araban gazte askok dute aipatutako profila: euskaldunak dira, euskararen egoera ezagutzen dute baina erabilerarako esparru asko dituzte irabazteko. Araban, gazteek ezagutza eta irabazteko esparruak dituzte. Orain falta dena da motibazioa eta kontzientzia hartzeko gako batzuk izatea. Horretan ari gara. Datorren urtean agian beste xede-talde bati emango diogu lehentasuna: izan daitezke gurasoak, edo euskaltegietako ikasle helduak...
Orain arteko saioetan zer gogoeta azaleratu da?
Jende gehienak aitortzen du ez duela ahal beste erabiltzen, badituela inguruan aukerak eta, hala ere, askotan, ez duela urratsa ematen. Kontuetako bat da, erruduntasunaren motxila pixka bat deskargatzea, norberaren borondateaz gain, badagoelako beste gako asko erabilera errazten ez dutenak.
Zein, adibidez?
Esaterako, aurreiritziak: pentsatzea besteak ez duela euskaraz jakingo, edo bestearen euskara oso aberatsa dela neurearekin alderatuta, edo neuk batua erabiltzen dudala eta besteak euskalkia... Badaude erabilera oztopatzen duten aurreiritzi asko. Horiek desmontatu nahi ditugu, eta erabilera areagotzeko gakoak eskaintzea.
Zein izan daiteke urratsetako bat?
Bat, oso garrantzitsua, lehenengo hitza euskaraz egitea da, edozein egoeratan edozeinen aurrean. Modu horretan, euskaldun gisa agertzen zara besteen aurrean, eta euskaraz egiteko gogoa duzula adierazten duzu. Horrek zure modukoekin konexioan jartzen zaitu. Bestela, inork ez daki euskalduna zaren edo ez edo euskaraz egin nahi duzun edo ez. Araban, milaka gara euskaldunak, baina oso sakabanatuta bizi gara, eta autoidentifikazioa oso garrantzitsua da.
Erronkak?
Aldaera ezberdinak ditu tailerrak (gurasoentzat tailerra, nerabeentzat...); tartean, gazteleraz ematen dena (¿Compartimos?). Hori datorren urtean eskaini eta eman egingo dugu Araban eta Euskal Herrian. Aitortza ariketa bat da, euskaraz ez dakiten euskaltzaleek lan handia egin dute Euskal Herrian (ikastolak martxan jarri zituzten gurasoak...) eta gaur egun, erdaldun horiek, euskaldundu bitartean, badaukate funtzioa euskararen sustapenean; ez soilik seme-alaben hezkuntza ereduan, baizik eta baita kultur kontsumoan, eta zerbitzuak eskatzerakoan eta abar.
Egilea: Itsaso Estarrona