Euskaraz lan egiteko, euskaraz saldu eta erosteko eta, azken batean, euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko, pertsonak ez ezik, lan munduaren espazioak ere euskalduntzea ezinbestekoa da. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile garelako, eragina du lan munduak gure eguneroko bizimoduan eta gure hizkuntza-jardueran.
Gutako asko euskaraz ere formatu gara. Belaunaldi berriak euskaraz formatzen ari gara, baina lana erdaraz egin behar bada, zein funtzio bete behar du euskarak? Lanerako euskaraz (ere) trebatu eta gero, lan munduan euskarak lekurik ez badu, zertan ari gara?
Eragin beharra dago. Alor sozioekonomikoan, gure herri eta hirietako bizitza sozialean eragin behar dugu (egoera soziolinguistikoak oso desberdinak direla ahaztu gabe). Erronkari aurre egin behar diogu, erantzukizunez. Helburuak argi, ausardiaz, bidea urratu behar dugu. Ideiak eta egitasmoak behar ditugu. Joko arauak. Sustapena eta laguntzak. Epeak ezartzea, segimendua eta ebaluazioak... Koherentzia. Aitorpena, babesa, elkarlana eta lankidetza. Konplizitatea. Aurreko guztia pentsatuko eta garatuko duten aktoreak behar ditugu eta horien arteko nahitaezko artikulazioa.
Administrazioa ez ezik, enpresariak, sindikatuak, kontsumitzaileen elkarteak, euskararen sustapenean ari diren erakundeak… denen inplikazioa behar da lan mundua euskalduntzeko ezinbestekoak diren neurriak erabaki eta eraginkortasunez aplikatzeko.
Elkarlana bideratu beharko litzateke orain arte egon diren zailtasunak gaindituta. Jakin beharko genuke urte hauetako lorpenak, ikasgaiak eta metatutako aberastasuna babesten eta etorkizunerako baliatzen. Hurkoak egindakoa balioetsi beharko genuke, besteek egindako lana sistematikoki ezkutatzeko eta kontuan ez hartzeko joera atzean utzita. Formula eraberrituak behar ditugu, egiteko era berri eragingarriak… Eta akordioak. Akordio sozio-politikoa behar da, hizkuntza politika eraikitzeko. Fishman-ek esaten zuen bezala, akordio politikorik gabe, hizkuntza plangintza noraezean doa.
Adibide xume batekin bukatuko dut. Araban Euskara Lanean proiektua garatzen ari gara aurtengo martxotik. Izaera desberdineko entitateak ari gara parte hartzen eta proposamenak adosten. Alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzeko helburu partekatuarekin ari gara lanean. Elkarri aitortuz bakoitzak duen garrantzia, babesten, osagarritasuna bilatzen eta guztion arteko elkarlana bideratzen. Ez da erronka makala!
Egilea: Rober Gutierrez, Bai Euskarari Ziurtagiria