Proposamen horrek 21 Zabalguneak Aretxabaletan dituen etxebizitza hutsetara joatea aurreikusten zuen. “Aukera horri egoki deritzogu, bai taldearentzat, Errekaleorren antzeko ingurua izanik sustatu nahi duten proiektua garatzeko bide emango bailieke, bai Udalarentzat, bizigarritasun ez segurtasun baldintzak beteko bailituzke”, azaldu du udal gobernuak. Aretxabaletako proposamenak alokairu soziala ordaintzea aurreikusten du eta udalaren esanetan, hori etxebizitzak hobetzen lan eginez ordain lezakete.
Baina 2013an jaiotako, eta oinarrian autogestioa eta asanblada dituen Errekaleor Bizirik proiektuak proposamen hau errefusatu du. “Errekaleorreko eraikinak berreskuratu eta eraberritu izanak 100 pertsona baino gehiagok etxebizitzarako eskubidea gauzatu ahal izatea ekarri du. Ikasle askoren beharrak asetzeko jaio zen proiektu hau, eta gaur egun, adin eta egoera ezberdinetako pertsonen bizileku da. Esperientzia honek garrantzia berezia du gaur egungo testuinguruan, etxebizitzak eskubide izateari utzi eta negozio izatera pasa da eta”, azaldu dute proiektuko lagunek prentsa ohar baten bidez.
“Instituzioek ere ez dituzte beti neurri eraginkorrak hartu arazo hau konpontzeko, are gehiago, batzuetan etxebizitzekin espekulatzea bultzatu dute, Errekaleorren gertatu zen bezala. Gasteizko Udalak, eta, bereziki Ensanche 21 Zabalgunea Udal Hirigintza Sozietateak egindako kudeaketen ondorioz auzoak jasaten duen bazterketa eta utzikeria egoerari buelta ematea lortu dugu, gure etxebizitza beharra asetzearekin batera”, azaldu dute. Bertara heldu zirenean Errekaleor erdi hutsik eta baldintza txarretan zegoela gaineratu dute eta orain bi urte lehen etxebizitza blokea berreskuratu zenetik, Errekaleor bizirik dago. Izan ere, eremu komun asko berreskuratu eta berregokitu egin dira, eta jardueraz bete.
“Errekaleorren bizitzen jarraitzeko beharra daukagu, eskaintzen dituen baldintza fisikoengatik, egindako lanagatik, sortutako elkarbizitzagatik, eta batez ere, izenak berak dioen moduan, Errekaleor Bizirik mantentzea proiektuaren oinarria delako”, zehaztu dute.
Errekaleorreko lagunek, bestalde, Udal Gobernu taldeak beharra duten pertsonei etxebizitzak emateko izan duen ekimena baloratzekoa dela uste dute, baita merkatu pribatutik kanpo egin izana ere. Horrekin batera, Udal Gobernu taldeari gonbidapena luzatu diote, “aipatutako etxebizitza horiek gaur egun eskubide hori gauzatu ezin duten pertsonentzako utz ditzan. Lehenago azaldu dugun bezala, dagoeneko behar horri erantzuna ematen gabiltza”.
Bestetik, eta auzoaren segurtasunari dagokionez, udal gobernu taldearekin hitz egiteko prest daudela esan dute, baita etxebizitzak bizitzeko aproposak direla dioten txostenak partekatzeko ere. Azkenik, elkarrizketetan jarraitzeko prest daudela argi utzi dute: “espero dugu bi aldeak asetzen dituen akordio bat izan arte gure jarduna eta proiektua errespetatuak izatea”.
Aretxabaletako alternatiba “kolektiboarentzat zein Udalarentzat” onuragarria, alkatearen ustez
Gasteizko udal gobernuak, bere aldetik, Aretxabaletako alternatiba “kolektiboarentzat zein Udalarentzat” onuragarria izan daitekeela adierazi du. Horrez gain, Urtaranek akordioa lortzeko hitz egiten jarraitzeko asmoa duela adierazi du, baita Udal gobernuak argi duela txosten teknikoak “eztabaidaezinak” direla ere: “ezin da Errekaleorren bizitzen jarraitu, ez dituelako ez bizigarritasun ez segurtasun baldintzak betetzen”.