Emakumea eta gizon binomioa kolokan jarriko du Josebe Iturriozek azaroaren 17an izango den Solasalean zikloan

hirinet 2015ko aza. 13a, 01:00

Alua edo zakila izateak ez duela norbait emakume edo gizon bihurtzen; arraren eta emearen arteko desberdintasunak ez direla biologikoak; aldiz, gizarteak sortutako eraikuntza bat direla.

Horiek  dira, muturreraino sinplifikatuta, transfeminismoaren zutabeak, eta zutabe horiek soinean jantzita etorriko da asteartean Josebe Iturrioz ekintzaile transfeminista (Ordizia, 1978) alea aldizkariak gidatutako Solasalean ziklora, Oihaneder Euskararen Etxeak antolatuta. Filosofian lizentziaduna eta berdintasun teknikaria, Medeak kolektibo transfeministaren sorreran parte hartu zuen Josebe Iturriozek, eta Plazandreok eta Plaz! bezalako hautagaitza feministetan ere parte hartu izan du hauteskundeetan. Komunikabideetako zenbait tertulietan hitz egin ohi duelako aurpegi ezagun bihurtuta, publikoaren galderak erantzutera dator gipuzkoarra, horixe baita Solasalean zikloaren gakoa: entzulea elkarrizketatzaile bihurtzea, idatziz nahi beste galdera egiteko aukera edukita.

 

Generoak mozorro sozial bezala ulertuta, maskarak kentzeko prest etorriko da Josebe Iturrioz,  bere ibilbidean esanguratsuak izan diren   objektu bat eta abesti bat aukeratuta. Bere askari gogokoenetako bat meriendatzeko aukera izango dute ere bertaratutakoek saioaren amaieran, eta elkarrizketa egin eta hiru egunera aleak argitaratuko du papereko edizioan. Bitartean, galderak botatzeko beta ireki da #Solasalean traola erabilita. 

 

SolasALEAn Josebe Iturriozekin

Noiz? Azaroaren 17an, asteartean, 18.30ean
Non? Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

Argazkia: Iñaki Larrañaga

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago