Iñigo Antepara, Gasteiz Irekia: “Beldur mezuaren kontra egin nahi dugu Gasteizen"

hirinet 2015ko aza. 12a, 01:00

GEU elkarteak alearekin egindako Hirinet FM irratsaioan egon da aste honetan Gasteiz Irekia ekimeneko Iñigo Antepara. Bertan, "Siriako auzira mugatu gabe, migratzaile guztien eskubideen alde" egingo duten lanaren berri eman du.

Nola sortu da Gasteiz Irekia?

Aurkezpen prentsaurrekoa aurreko ostiralean eskaini genuen, baina horren aurretik hainbat bilera egin izan ditugu. Siriako gerrako zenbait errefuxiatu Gasteizera etorriko zirela izan zen albiste (Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik kopurua zehaztu), eta Gasteizko hainbat norbanakok, Gobernuz Kanpoko Erakundeak –GKE–, sindikatuk eta bestelako eragileek talde bat sortu genuen, ez bakarrik errefuxiatu horien gaia jorratzeko, baizik eta, kontuan izanda errefuxiatuez gain hemen bestelako etorkin asko daudela, Gasteiz ireki baten aldeko lana egiteko. 

 

Harremanik al duzue instituzioekin?

Errefuxiatuen gaia jorratzeko, CEAR eta Acnur bezalako erakundeekin egoten dira harremanetan instituzioak, hori ez baita hainbeste gure lana. Talde bezala, gaur-gaurkoz ez dugu harreman zuzenik instituzioekin.

 

Zer urrats egingo duzue?

Ez ditugu gustuko komunikabideen bidez jasotzen ditugun albisteak: milaka errefuxiatu etorriko direla errepikatzen digute,  baina estatu espainiarrean ez da hori gertatuko, errefuxiatuek badakitelako Espainia krisian murgilduta dagoela eta hemen ez dagoela lanik. Bere herrialdetik ihes egiten duten pertsonak, siriarren kasuan adibidez, Turkia, Libano, Jordania eta inguruko herrialdeetan geratzen dira; beste batzuk Europa dute helmuga,  baina ez Espainia, baizik eta  Alemania, Suedia edo Ingalaterra. Beldurraren mezua hedatu nahi dute, eta guk mezu horren kontra egin nahi dugu Gasteizen. Ez dira milaka etorriko.

 

Baina baten bat bai, ezta? Zuek nola egingo duzue Gasteiz solidarioaren aldeko lana?

Gure helburua sentsibilizatzea da: hitzaldiak antolatzea, kontzentrazioak deitzea... Ez dugu lan asistentzialik egingo, hori CEAR eta Acnur bezalako erakundeek egiten dutelako eta, berez, Eusko Jaurlaritzaren ardura delako.

 

Gasteiztarrek nola parte har dezakete iniziatiba honetan?

Dauzkagun etorkinez gain, beste asko ditugu ate-joka Ceutan eta Melillan, eta badakigu Eusko Jaurlaritzak ez dituela pertsona horiek onartutakoen taldean sartuko. Gasteiztar bezala, dagoeneko hemen bizi diren etorkinak onartzeaz gain,  etorriko direnak ere beste edozein herritar bezala tratatu beharko genituzke, bereizketarik gabe.

 

Espainiako estatuari eta Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari (NATO) eskatu diozue Siriakoa bezalako gatazkekin bukatzeko. Zer nolakoa da Espainiaren inplikazioa?

Sirian gertatu dena Iraken gertatutakoaren gauza bera da: gure estatua NATO-ko kide denez, gerra horretan inplikatuta gaude. Gainera, armak eta munizioak ekoizten dituzten Euskal Herriko enpresak ere gerraren parte dira, eta haiengandik dirua ateratzen dugu gizarte moduan. Gu ere gerra horren parte garela agerian utzi nahi dugu. Horretarako, laster hitzaldi bat antolatuko dugu.

 

Norbaitek Gasteiz Irekia ekimenean parte hartu nahi badu, nola lagundu dezake?

Edozein pertsonak parte har dezake. Azkenaldian astero biltzen gara, asteazkenetan. Webgunea badugu [www.redsolidaria.info/gasteiz-irekia], eta Facebook eta Twitterren ere aurkitu gaitzakete.

 

 

Egileak: Z. Etxeberria / S. Fdz. de Aranguiz / I. Estarrona. Hirinet FM eta Arabako ALEA

Argazkia: Aitor Alvarez

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago